Lehengo erara jaitsiko dute hontza gaur, piroteknia eta musikarekin

Miren Arregi Amasorrain 2014ko uzt. 17a, 08:00
Jexux Etxeberria, Andoni Rodriguez eta Pello Mugurutza, 1991n jaitsi zuten hontzarekin eta oraingoarekin.

2006an hasi ziren Antzuolan hontzaren jaitsiera gaur ezagutzen dugun eran egiten. Ordutik hona, Mikel Ibartzabal bergararrak sortutako hontza herriko jai guztien testigu izan da. Jaien lehenengo egunean jaisten da parrokiatik udaletxera eta azkenengo egunean egiten du bueltako bidea. Nolabait, jaien hasiera eta bukaera irudikatzen ditu horrela. [EGITARAUA]

BIDEOA: Berriak albistegia, eguaztena

Lehenengoz, 1991n

Baina hontzaren jaitsieraren aurrekarietara egiteko, atzera egin behar dugu denboran: 1991ra, hain zuzen. Urte hartan, jaien bezperatan lagun kuadrilla bat afaltzen zela, jaietan zerbait desberdina egiteko proposamena bota zuen batek. Euretako batek hontzen bilduma bat egiten zuela, eta kanpandorretik udaletxera hontz bat jaisteko ideiak indarra hartu zuen afari hartan.

Hurrengo egunean erosiko zuten Antzuolako jaietako lehenengo jaitsiera egingo zuen hontza, Donostian; zumezko hontza zen. Ondo apaindu zuten hura, herriaren aurrean txukun ager zedin; bonbillatxo bana ipini zioten begietan eta txapela ere jantzi zioten. Eta hala, 1991ko herriko jaiak hasi ziren egunean, plaza gainezka eta Korkoil musika taldea plazan kontzertua eskaintzen ari zela, lagun taldeak musikariak isilarazi, plazako argiak itzali eta kanpandorretik hontza jaitsi zuen udaletxera. Sekulakoa izan zen; jendeari asko gustatu zitzaion eta asko hunkitu ere egin ziren. "Garai hartan, gainera, plazak jendez gainezka egoten ziren. Sekulakoa izan zen. Oso polita, baina horretan gelditu zen", dio Jone Larrañagak, Kultura teknikariak.

Ofizialki 2006an

Hurrengo urteetan ez zen festetan hontzaren jaitsierarik egin, harik eta 2006an, lehenengo hontz hura jaitsi zutenean plazan jotzen ziharduen Korkoil musika taldeko kide batek, Patxi Olabarriak, berriz egitea proposatu zuen arte. Bada, Mikel Ibartzabal bergararrari enkargatu zioten hontza, eta ordutik hona, urtero izan da jaien testigu.  

Aurten, betiko erara

2008an hasita iaz arte, Antzuolako piroteknia, su eta argi ikuskizunak lagundu du beti hontza, haren jaitsieran. Iaz, horri guztiari buelta bat eman guran, ongietorri bertso batekin egitea bururatu zitzaion Jai Batzordeari. Helburua zen bertako balioak ematea eta herritarrek hontzaren ekitaldia bereganatzea. Ez zen, baina, begi onez ikusi: "Harrera txarra izan zuen iazkoak, teknikoki ere ez zen ondo irten eta ez zen batere gustatu. Herritarren eskaerari erantzunez, lehen egiten zen moduan egingo dugu aurten", dio Jone Larrañagak, Kultura teknikariak.

Hala, beti bezala, gaueko hamabietan, hontzari piroteknia egitura ipini eta jaitsi egingo dute kanpandorrean behera. Musika nahasketa bat izango du lagun: "Mikel Laboaren Txoria txori, Donostiako Orfeoiaren beste abesti bat, musika klasikoko obra ezagunak... Musika txundigarri eta zirraragarria, azken finean, momentuari behar duen indarra emango diona", dio Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak