Antzuolarrak jaietarako motorrak berotzen hasi dira asteburuan

Maider Arregi 2014ko uzt. 13a, 15:57

Antzuola festa giroan murgilduta dago; Izan ere, herriko jai nagusiak ate joka dituzte. Bariku arratsaldean, Tartalo eta Mari Sorgina buruhandi berriak aurkeztu zituzten. Gaur domeka, herriko erretiratuek herri bazkaria egin dute eskolako patioan.

Euskal mitologiako bi pertsonai nagusiak buruhandi bilakatu ditu Iñaki Mata antzuolarrak. Bi hilabeteko lanaren ostean, barikuan aurkeztu zituzten Tartalo eta Mari Sorgina buruhandiak. "Gure sustraiekin zerikusia duten pertsonaia atseginak nahi genituen buruhandi bilakatu aurtengoan. Iaz Antzuolako pertsonaiak egin genituen: Alardeko Buruzagia eta Mairua", azaldu du Jone Larrañaga kultura teknikariak.


Bi pertsonaien gaineko informazioa eta diseinuan eskuratzeko, Internetera jo duela dio Iñaki Mata artistak. "Behin diseinua  eginda, buztinaz burua egin nuen; gero moldea eta ondoren kartoira atera nituen margotzeko", dio. "Ohorea da buruhandiak egitea nire herrirako; iaz egin nituen lehenengoak eta erronka bat izan da; asko disfrutatu dut". Umeek ere gozatu zuten Mataren emaitzarekin. "Asko gustatu zaizkigu, Tartalo da politena; gainera ez digu beldurrik ematen naiz eta begi bakar bat izan eta korri asko egin", diote gaztetxoek. Oierrek, berriz, nekatuta korrikaldiaren ostean, gogor jo dutela dio irribarrez.

Erretiratuen bazkaria

Gaur, domeka, urtero egiten duten moduan, herri bazkaria egin dute eskolako patioan herriko erretiratuek. Giro ezin hobean, 120 lagun batu dira bazkaltzeko. "Egun oso polita izaten da. Lagunekin solasaldi polita egin eta festak ate joka ditugula gogorarazten digu urtero bazkari honek. Primerako giroa izaten da eta aurten eguraldia ere lagun izan dugu", dio Genaro Laskurain, Landatxope elkarteko lehendakariak.
Ima Beristain alkatea eta Nagore Dos Santos Gizarte zinegotzia ere bertan izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak