Giro haizetsua ez da traba izan Kalebarrengo plazatxoan baloiarekin jokoak egiteko. Adin askotako neska-mutikoak batu dira elkarrekin jolastera. Ur-jokoak egiten ibili dira beste batzuk. Hori dena, kafea hartzera batu diren helduen begiradapean. Goienari umeek esan dioten moduan, buruhandiak oso gustuko dituzte eta 18:00etan irtengo dira horiek. Gero, arbola nola jasotzen duten ikustera geratuko direla ere esan dute batzuek.
Musean egitera batu dira zortzi bat gizonezko. Umore onean, "Kalebarrengo txapelketa" jokatzen zebiltzala esan digute.
Iluntzean, auzo afaria egingo dute eta Ezten Giro taldearekin erromeria ere izango dute. Gauerdian, Kalebarrengo jaietako ekintza gustukoenetariko bat egingo dute: sagar-dantza. 04:00ak aldera, twister lehiaketa izango da nahi dutenendako.
Bihar, domeka, bukatuko dira jaiak. Meza ondoren, salda eta txorizoa banatuko dituzte. 12:00etan, dantzari gazteek erakustaldia egingo dute eta 17:00etan berriz umeendako ekintzak: Monda eta Lironda pailazoen Baietz lortu antzezlana.