Kalebarrengo jaietan argazki zaharrak ikusteko aukera izango da

Maider Arregi 2014ko eka. 27a, 10:35

Umeen danborrada koloretsuak emango die hasiera Kalebarrengo jaiei, egubakoitzean, 19:00etan. Gauean, afariaren ostean, DJ Amaiak gau giroa berotuko du. 


Zapatuan, 11:00etan marrazki lehiaketa eta jinkana. 16:30ean mus txapelketa eta txikiendako jolasak. 18:00etan buruhandiak. Ondoren, arbola jasoko dute. 21:30ean auzo afaria egingo da eta Ezten Giro taldearen erromeria izango da. Sagar-dantzaren txanda, berriz, 00:00etan izango da. Goizaldeko lauretan hasita, berriz, animatzen direnek Twister lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.


Domekan agurtuko dituzte jaiak. Meza ondoren salda eta txorizoa banatuko dute Kalebarrenen. 12:00etan dantzari gazteek erakustaldia egingo dute eta arratsaldeko bostetan Monda eta Lironda pailazoen Baietz lortu saioaz gozatzeko aukera izango dute umeek.

Antzinako argazkiak

Gaur, 19:30ean hasita, Kalebarrengo jaietako argazki zaharrak ikusteko aukera izango da Anelkarren eskutik. Elkartasunezko pintxoa eta edaria ere izango da. Gerturatzen direnek sorpresa izango dute, gainera.


San Martzial, astelehenean

Lizarraga Auzoan San Martzial eguna ospatuko dute. 18:30ean etxafuegoekin emango zaio hasiera; ondoren, meza nagusia egingo dute, eta, ohitura den moduan, gazta eta ardoa banatuko dute. 21:00etan afaria eta mus txapelketa egingo da.

 

Kalebarrengo jai batzordearen gutuna

Dagoeneko pasa dira 9 urte Patxi, Edurne, Aintzane, Leire eta konpainiaren deia jaso genuenetik. Kalebarrengo jaien ardura urte askoz euren eskuetan egotetik geure eskuetara pasa zen, han etorri zitzaizkigun hainbat urtetako paper denak gordetzen zituen karpetarekin, karpeta gure eskuetan zegoen, ezin ezetzik esan! Bederatzi urtez ekaina gerturatu ahala gure artean galdezka hasten ginen, "zeñen etxian dago karpetia?", gure artean elkartu eta jaiak antolatzen hasteko. Galdera hau hasierako urteetan ilusioz beteta egiten genuen, azken batean lagun artean gustura egiten genituen bilerak, Mateoneko terrazan zurito bat hartuz edo Olalden afari merienda egiten genuen bitartean. Baina azken bi urteotan karpetaren galdera konpromisoz egin dugun galdera izan dela konturatu gara; ikasketak, lana, kanpoan bizitzea, familia… gu ere kalebarrengo jaiekin batera “aurrera” goazen seinale izango da. Azken urteotan jaietako egunetan laguntza asko izan dugu, hasierako urteetan marrazki lehiaketan parte hartzen zutenak orain umeei arkatzak banatzen ikusi ditugu, edo larunbat arratsaldean globoak urez bete eta umeekin jolasean, benetan eskertzekoa zuen laguntza. Arbolako mutilei zer esango diegu ba, gure bronka ugari jasotakoak dira eta!denerako euren atzetik ibili behar, kiskoko giltza emateko siestatik esnatu, merienda… baina zuei ere eskerrak, arbola jasotzeko minutuak jaien parte dira eta soka apurtu dela, itxulapikoa goregi dagoela… Laguntzen diguzuen denoi eskerrak! Bai jaien egunetan laguntzen diguzuenoi, bai auzotarroi (ekonomikoki nahiz moralki garrantzitsuak zarete), baita dendari nahiz tabernariei ere, benetan denoi eskerrak! Baina lehenxeago aipatu bezala bizitzak buelta asko eman dizkigu eta uste dugu kalebarrengo jaiek beste batzuen eskuetan aurrera egiteko garaia iritsi dela,"karpeta pasatzeko" garaia iritsi dela. Jaiei berriz ilusioz beterik helduko dien talde baten eskuetan uzteko garaia. Hau horrela, datorren urterako jaiei begira batzordean jende berriaren beharra dago. Antzuolar guztiok dakizue nortzuk osatzen dugun Kalebarrengo Jai Batzordea, beraz jaien antolakuntzan parte hartu nahi baduzue jarri gurekin harremanetan. Aurten gure azken urtea baldin bada ere, batzorde berriari bere hastapenetan laguntza guztia emateko prest gaude. Ondo pasau aurten be jaixak!

KJB

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak