Tomas Larrañagari eta Maje Gorritxori esker ona, urteotako lanagatik

Maider Arregi 2014ko eka. 27a, 10:35
Irekia.net

Nekazaritza ekologikoan aitzindariak izateagatik Nardiz saria eman berri die Eusko Jaurlaritzak. Lehen sektorean lanean aritzen diren gizon eta emakumeen lana aitortu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. "Ekonomiaren atal oso inportantea" direla lehen sektorean jarduten dutenak azpimarratu berri dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia sailburuak. Nekazaritza sektorean, Tomas Larrañaga eta Maje Gorritxo senar-emazteek jaso dute onarpen hori.

"Oso pozik eta hunkituta" jaso dutela Gonzalo Nardiz Bengoetxea saria kontatu du Tomas Larrañagak.
"Sari potoloa da eta sorpresa izan da guretzako, hunkigarria izan da. Gure sektoreak egindako proposamena izan da eta oso pozik gaude aurrera irten delako. Errekonozimendu handia da",  azaldu du Larrañagak.

Aitzindariak eta eredu

Nekazaritza ekologikoan aitzindariak dira Tomas Larrañaga eta Maje Gorritxo. "Emaztea isilean, ezkutuan, beti lanean aritu da; gustura nago, hura izan da-eta bultzatzailea. 25 urte beteko ditugu aurten ezkondu ginela, eta hark izan du sentsibilitate hori. Betidanik Integral aldizkaria irakurri du. Horregatik, informazioa eta beste sentsibilitate bat izan du. Horren gaineko galderak eta kezkak sortu zituen hark", dio Larrañagak.
"Euskal Herriko nekazaritza ekologikoaren lehen kurtsoan parte hartu genuen, 1990ean. Bailaran, praktika egiteko mila metroko ortu ekologikoa jarri genuen eta bertan ezagutu genituen Koldo Zubizarreta eta Josu Pereda, esaterako. Beste sentsibilitate bat daukan jendea ezagutu genuen. Nekazaritza ekologikoa errealitate zela ikusi genuen. Estatu mailan, 378. operadoreak gara; egun, 25.000 daude".

Epaimahaiaren arrazoia

16.000 nekazari daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasunaren, paisaiaren eta gure kulturaren sortzaile dira. Epaimahaiak, hala, nekazaritza sektorean eta 2014ko produkzioaren atalean, Larrañaga eta Gorritxo senar-emazteek egindako lana saritu gura izan duela adierazi du: "Azken hogei urteetan baserrian egindako lanagatik eta egungo baserriko familia-unitatearen eredu izateagatik eman diegu saria. Nekazaritza ekologikoaren normalizazioaren alde egindako lanagatik eta aurrenak izateagatik nekazariei balio hauek transmititzen; baita ikasle eta kontsumitzaileei ere".

Sektoreari aitorpena

Bost urteren ostean, Jaurlaritzak berriro berreskuratu du Gonzalo Nardiz Bengoetxea saria. Izan ere, lehen sektoreak ekonomian duen garrantzia azpimarratu gura izan duela azaldu dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia sailburuak.


Sektore profesionala eta lehiakorra behar duela izan lehen sektoreak azpimarratu dute. Baina, horretarako, denon konpromisoa eta esfortzua beharrezkoa dela diote Jaurlaritzako ordezkariek. "Administrazioaren laguntza beharrezkoa da, eta Jaurlaritzaren laguntza beti izango duzue; guregana laguntza eske etorri besterik ez duzue", nabarmendu du Tapiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak