Corpusak eta San Juan jaiez gozatzeko aukera

Maider Arregi 2014ko eka. 20a, 12:46

Udararekin batera, iritsi dira Corpus eta San Juan jaiak. Bihartik martitzenera bitartean festa giroan murgilduko da Antzuolako herria. Ondarre auzoan Corpusak ospatuko dituzte asteburuan; Uzarragan, berriz, San Juanak.

 


Hala, bihar zapatua, Ondarre auzoko plazatxoan 12:00etan hasita gimkana egingo dute. 16:30ean berriz, ur-jolasak izango dira gaztetxoendako. "Mangera bat jarriko dugu eta ur-jolasak ere izango dira. Umeei begira antolatutako arratsaldea da, tartean merienda emango diegu auzora etortzen diren ume guztiei", azaldu digu Beñar Kortabarria antolatzaile eta auzotarrak".
Arratsaldeko seietan, antzerkia, ipuin-kontalaria eta pailazoak izango dira gaztetxoen gozamenerako. 19:00etan krosa egingo dute animatzen diren txikitxo denek.


Gauean, 30 bat lagun batuko dira auzo-afaria egiteko eta ondoren, erromerian dantza egiteko aukera, Antzuolako trikitilariekin. "Ohiturari eutsiz, auzora etortzen diren guztientzako kafea osagarri guztiekin izango da. Txuleten eta botila-ardoen zozketa ere, orduan egingo da".
Domekan, txistularien dianarekin hasiko da goiza eta 12:00etan prozesioa egingo da. Ondoren, gaztetxoek dantza saioa egingo dute. Jaiei bukaera, salda eta txorizo dastatzeak emango die.

San Juan bezperan, sua

Astelehenean, ekainaren 23an, San Juan bezperako ospakizuna egingo da Herriko Plazan.
Iluntzeko zortzietan, arbola jasoko da eta Oinarin dantza taldearen saioa ikusteko aukera izango da arbolaren bueltan. "Urtero moduan, San Juan-zortzikoa dantzatuko dute aurrena, eta gero katean neska eta mutilek, denak elkarrekin, Soka-dantza egingo dute", azaldu du Ion Lizarazu Oinarin dantza taldeko kideak.


Hala, astelehenean, Oinarineko hogei bat lagun ariko dira arbolaren bueltan dantzan. "Soka dantzan 17 urtetik hasita, askotariko adineko herritarrek hartzen dute parte San Juan bezperako dantza saioan".
Dantzak egin ondoren, sua piztuko dute Herriko Plazan.

San Juan eguna Uzarragan

Uzarraga auzoan, San Juanak ospatuko dituzte aurten ere. Hala,  ohiturari eutsiz, ekainaren 24an, martitzenean, egingo dituzte ospakizunak auzoan.
Uzarraga Bizirik taldeak antolatuta, Arratsaldeko zazpi t'erdietan, arbola jasoko dute. Ondoren, brasan egindako txorizo razioa banatuko zai Uzarragara gerturatzen direnei.
Arrastaldeko zortzietan, auzoko trikitilariekin erromeria egingo da jai giroan.
"Ohitura zaharrak jarraituz eta Uzarraga zutik eta bizirik mantentzeko ahaleginean etortzen den oro ongi etorria izango da", diote antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak