Juankar Olaeta: "Gizartea eraldatzeko tresna bat da Fiare"

Eguenean, maiatzaren 29an, Anelkarrek eta Fiareko bazkide batzuek elkarlanean antolatuta, Fiare banka etikoaren aurkezpena egingo da. 'Posible eta beharrezkoa: Gure esku Fiare Banka Etikoa' da hitzaldiaren izena eta Juankar Olaetak Fiareko bazkideak, eskainiko du hitzaldia Olaranen 18:30ean hasita. Olaetarekin izan gara Fiare bankaren gaineko xehetasunak jakiteko asmoz:

Zer da Fiare Banka etikoa?

Norabide jakin batean gizartea eraldatzeko tresna bat da Fiare. Zeren bidez? Ba, finantza eragiketaren bitartez gizartea eraldatzea du helburua. Banka bat da eta etikoa.

Bailaran, herriz herri aurkezten diharduzue. Zein da orain arteko balorazioa?

Orain dela urtebete hasi ginen martxan jarri guran. Hazten doa eta dagoeneko 52 bazkide inguru ditugu bailaran. Debagoieneko taldea hilean behin Arrasaten batzen da sistematikoki. Gainera, hiru herritan bolondresak eta bazkideak batzen gara jendeari arreta zerbitzua eta informazioa eskaintzeko. Urtebetean guzti hori egitea asko da! Eta oso pozik gaude. Norbaitek interesa badu bere herrian, fiaredebagoiena@gmail.com helbidera lasai idatzi dezake eta gu jarriko gara harremanetan.

Herritarrengan zein harrera izan du, banka etikoaren gaineko interesa erakutsi dute?

Bai. Jendeak interes  handia eta atxikimendua ere erakusten du. Baina, momentu bat hartu eta urratsa eman behar da bazkide egiteko. Egunerokoan, bizi dugun erritmoan, kosta egiten da hori. Artisau eran ari gara lanean, paperen bitartez eta aurrez aurre egiten ditugu lanak. Jendea Internetera ohitu da, gauzak modu erosoagoan egitera eta hori irailetik aurrera baina, posible izango da. Baina, Fiarek hazkunderako ez dauka inolako presarik.

Urrats txikiak baina finkoak eman gura dituzue.

Sartzen denak oso ondo daki zetarako sartzen den eta zer duen esku artean. Gainera, jakitea berak parte-hartze zuzena izango duela erabakietan eta norabidean. Banka proiektua da, baina gizarte sare bat sortzea ere bada. Ekonomia eta gizartea antolatzeko bestelako proiektua ere bada.

Jendea kontziente da dirua non sartzen duen?

Ez.  Batzuetan ez dugu ikusi nahi. Bestela kontzientzia arazoak etortzen dira. Batzutan hobe da ez pentsatzea horren gainean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.