Lehenengo solairuan lanak eginda, orain bigarren solairua eta liburutegiko argiak aldatzea falta zaizkiela azaldu digu: "Haur eskola guztia, jantokia, lehenengo solairuko pasilloa, gelak eta komunak egin ditugu. Orain, bigarren solairua eta liburutegiko argiak aldatzea falta zaizkigu, ea maiatzean bukatzen dugun".
Kontsumoa jaisteko
Energia aurreztea dela helburua kontatu digu Valen Moñux Hirigintza teknikariak: "Erdia baino gehiago aurreztea lortuko da. Izan ere, argiteria arruntaren ordez, Led sistema daraman argiteria jartzen dihardugu". Hiru motatako argiteria jarriko dute: hodi formako fluoreszente arruntak eta luzeak, karratuak diren plazoiak eta downlight izeneko argi borobilak eta sabaian integratuta daudenak. Emergentziazko argiak ere aldatzeko aprobetxatu dutela azaldu digu Moñuxek. 28 mila euroko aurrekontua dauka. "Jaurlaritzaren eta EVE elkartearen laguntza espero dugu; aurrekontu osoa beteko dugu modu horretan", azaldu digu.