San Isidro egunean, azoka handia egin zuten aurten ere Antzuolan eta goiz guztian zehar, txistulari eta trikitilariek musika jarri zioten baserritarren urteroko azokari. Herriko ganaduzaleek erakusketa egin zuten, ohi bezala. Eliz-atariaren aurrean kokatuta behi, zaldi, asto eta ardiak ipini zituzten hesituretan, herriko txikienen harridurarako. Herriko ekoizleen artean, besteak beste ondo estimatuta dauden gaztagileek jarri zituzten postuak, eta goiza lasai xamar hasi bazen ere, salmentek gora egin zuten egunak aurrera egin ahala.