Alaitz Jauregi: "Haurrek eguna alaitzen dute eta dezente gehiago irakasten digute"

Maider Arregi 2014ko mai. 14a, 00:00

Alaitz Jauregi, Xinkonako ikastaroen txokoan.
Antzuolan oso ezaguna da Alaitz Jauregi; herriko txikitxoekin lan egiten du, baina makina bat saltsatan ibiltzen da; Mairuaren Alardean alabarekin ere ibili izan da; baita txistua jotzen ere, domeka goizak alaituz. Sukaldea, ordea, bere pasio handietakoa dela aitortu du.

Zein da Alaitz Jauregi? Zelakoa da Alaitz?

Alaitzen ezaugarri bereziena sormena da, horregatik dut gogoko eskulana, eta sormen hau sukaldean ere lantzen dut.

Ze harreman duzu sukaldearekin? 

Oso jatun ona naiz, baina sukaldari bezala ere ez naiz batere gaizki moldatzen. Ni naiz etxeko sukaldaria; gustura aritzen naiz, gainera.

Zein da zure espezialitatea sukaldean? 

Kaneloiak eta postreak. 

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena? Eta non? 

Lagunik onena, mutil-laguna, nire etxean barazki plater on bat jatera gonbidatuko nuke; eta kanpora joanda, berriz, Bastidara joango ginateke patatak errioxar erara eta ondoren bildots-txuletak jateko. 

Eta etsairik handiena? 

Etsairik handienak, gure gainetik agintzen diharduten horiek guztiak, Euskal Herriko jatetxeetan bira bat egitera gonbidatuko nituzke; horrela, behingoz, gure euskal kalitatea zein ona den onar dezaten.

Zeinekin nahiko zenuke mahaiaren bueltan eseri? 

Mahaiaren bueltan? Munduan  goseak dauden guztiekin; janariaz gozatzeko. 

Zergatik Xinkona? 

Xinkona, eskulanak egiteaz gain, ikasteko eta gozatzeko beste era bat delako: arau minimoekin, haurraren askatasuna, erabakitzeko eta sormenerako gaitasuna errespetatzen delako. Haurrek eguna alaitzen dute, eta nik haiei baino dezente gehiago irakasten didate haiek niri.  

Zein miresten duzu? 

Miresten dudan pertsona... uf! Asko eta asko! Ni bezala egunero zerbait berria irakatsi eta ikasteko prest esnatzen den jende arrunt hori guztia. 

Alaitz ez bazina...? 

Bai, zera! Ez nuke inola ere aldatuko, ez ogibidea, ez ezer; zoriontsu naiz eta!  

Zer duzu maite bizitza honetan? 

Maiteena: bikotekidea, alaba, familia eta inguruko jendea, dendako haur giroa, asko da eta. 

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute... 

Furgoneta eder bat, gasolina depositua beteta eta osasuna munduan barrena ibiltzeko. 

Zure bizitzako anekdota bat. 

Egunero daude anekdotak dendan haurrekin, hain espontaneoak dira! 

Bizitzan ezinbestekoa da... 

Umorea eta positiboa izatea.

Damu zara…

Damutu? Zertarako? Orain arteko dena pasatu behar izan da momentu honetara iristeko! Beraz, eskerrak denari, gauza on eta txarrei! 

Zer errepikatuko zenuke?

Haurdunaldiaz bizi izan dudan dena.

Zerk beldurtzen zaitu?

Arratoiei diet beldurra. Fobia diet!

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Berba eta berba Bidart alabarekin, nolako arratsaldea eduki dugun elkarri kontatzeko.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Urrun, nonbaitera, ezkutura. Laku baten ondoan dagoen etxetxo batera.

Ze aholku konpartituko zenuke? 

Hobe dela bihotzak esaten duena egiten bizi izatea, buruak esaten duena baino; izan ere, hori da benetan gustura bizi izateko modu bakarra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak