Eguzkin, baranda zatia berritzen jarraituko dute

Maider Arregi 2014ko mai. 1a, 12:52
Egunotan hasiko dira Eguzki auzoko erreka ondoko baranda berriko lanak. Iaz hasitako planaren jarraipena da. Hau da, Beheko auzoan eta Eguzki auzoan, baranda berriak jartzen hasita zeuden, baina zehazki errekako baranda zati bat falta zen jartzeko. Egunotan jarriko dute erreka ondoan iaz hasitako baranda berriaren beste zati bat.

Antzuolako Udalaren asmoa hobekuntza horiek egiten jarraitzea dela adierazi digu Ima Beristain alkateak: "Beheko auzoan eta Zurrategi inguruko baranda zaharkitua zegoen; erdoilduta eta zulatua. Lan horri lehentasuna eman gura izan diegu eta aurten ere diru partida bat bideratu dugu udaletik baranda berriak jartzeko".
Hala, iaz 165 metro baranda jarri zirela erreka ondoan azaldu digu Valen Moñux Hirigintza teknikariak. Eta, orain, hasitako lan horiei bukaera eman nahi zaie eta baranda berriak jartzeko lanak egingo dituztela gaineratu digu Moñuxek.

13.000 euro, aurten

Iaz 20.000 euroko diru partidarekin egin zirela lanak kontatu digu Moñuxek. Aurten berriz, 13.000 euroko aurrekontua erabiliko dute Eguzki auzoan falta den zatiari jarraipena emateko. Horrez gain, bestelako lantxo eta konponketak ere egingo direla azaldu digu Valen Moñuxek: "13.000 euroko aurrekontuarekin, Eguzki auzoko lanei bukaera ez ezik, beste konponketa txiki batzuk ere egingo dira: eskola aurrean, Beheko auzoan eta Ibarra auzoan hain zuzen ere".

Altzairu erdoilgaitza

"Herriko baranda zaharrek, margotutako altzairua dute; orain aldiz, erdoiltzen ez den altzairua jartzen hasi gara; ondorioz ez ditugu barandak margotuko. Diseinu sinplea daukate baranda horiek; baina segurtasun arau guztiak betetzen dituzte eta kalitate handiko materiala daramate", azpimarratu digu Hirigintza teknikariak. Eguzki auzoko lanak, eguraldiak lagunduz gero, egunotan hasi eta bukatzea espero dutela nabarmendu digute udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak