Antzuolako Torresoroa laster erosoago

Maider Arregi 2014ko api. 11a, 09:08

Torresoroako harmailak jartzeko lanak martxa onean doaz eta apirilean bukatuko dituzte.
Aste Santu osterako gertu izango dira Torresoroa auditoriumeko harmailak; 100.000 euroko aurrekontua izan dute.

Torresoroa aretoko harmailak jartzeko lanak martxan onean doaz. Hasiera batean, maiatzera arte zeuden lanak aurreikusita; baina, martxan onean doazela ikusita, Aste Santu osterako bukatzea espero dute. Erabilera askotariko areto izaten jarraituko du, herritarren gozamenerako.

"Auditorium hau hasieran zatika egitea erabaki zen; Urte askoan egurrezko aulkiekin moldatu gara; izan ere, betidanik, udal ordezkarien nahia harmaila on bat jartzea izan da. Aurten aukera ona suertatu da: 100.000 euroko aurrekontuarekin obra on bat egitea, alegia", azaldu digu Valen Moñuxek, Udaleko Hirigintza teknikariak.

"Torresoroaren hasierako proiektuan sartuta zegoen harmailak jartzearen gaia; gure nahia izan da betidanik, baina ekonomikoki ezin izan da bideratu. Orain izan dugu aukera aproposa Foru Aldundiak iaz diru laguntza kaleratu zuelako", nabarmendu du Ima Beristain alkateak.

"Foru Aldundiak 64.000 euroko laguntza bideratu du eraikinerako; Goizperrek 25.000 euroko laguntza ere eman du eta Udalak 11.000 jarri ditu", argitu du Beristainek.

167 lagunentzako tokia

Harmaila teleskopikoak 167 aulki izango ditu. Goialdekoak finkoak dira eta behekoak, teleskopikoak; hau da, jarri eta kentzeko aukera izango dutenak. "Aste barruan bilduta egongo da eta asteburuan, zerbait bereziagoa dagoenean, jarriko da berriro harmaila", dio Moñuxek.

Segurtasun arauak betez

Aretoak alboetan dituen bi barandak kendu egin behar dira harmailak jartzerakoan; hala, egindako proiektu berriak eskailera eta harmaila oso ondo neurtuta, zehaztuta, dituela esan du Valen Moñuxek. Hau da, segurtasun neurriak bete egingo dira, eta, ondorioz, eskaileraren eta harmailaren arteko tartea berdinduta geratuko da parklex izeneko kalitatezko materialarekin.

Herritarrak, "erosoago"

Udal gobernuak aspaldidanik buruan zeukan proiektua da Torresoroa aretoan harmaila jartzea. Orain arte ordea, ekonomikoki ezinezkoa izan da nahiz eta hasiera hasierako proiektuan barneratuta egon. Ima Beristain alkatea pozik azaldu da herritarren nahia eta beharra errealitate bilakatu delako aurten.

Udalaren ikuspuntutik zein da lan honen garrantzia?
Harmailei esker, herritarrek modu erosoago batean gozatuko dute ikuskizunekin; aurrean dagoenak  traba egin gabe, alegia. 167 lagunendako tokia dago eta patxadaz edozein ikuskizunekin gozatuko dute laster antzuolarrek. Erabilera anitzeko aretoa izanik, herriko hainbat taldek ere jarraituko dute bertan: txistulariek, Oinarin dantza taldekoak...

Diru-laguntzei esker jarri dira aurten harmailak, ezta?
Bai. Aldundiak iaz emandako diruari esker eta Goizperrek emandako diruari esker posible izan da. Bereziki eskertu nahi diogu Goizperri 25 mila euro eman izana iaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak