Antzuolako argazki lehiaketak maiatzaren 7ra arte iraungo du

Miren Mujika 2014ko api. 3a, 17:07
Argazki lehiaketan Antzuolan jaio edo bizi den edozeinek parte har dezake eta gaia librea izango da. Lanak udaletxean aurkeztuko dira eta epea maiatzaren 7an bukatuko da.

Baldintzak

Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztuko ditu. Lanak koloretan edo zuri-beltzean aurkez daitezke. Argazkien euskarria 30 x 40 cm-koa izango da ezinbestez, eta kartulina finez eginikoa; kartulina krema edo beige kolorekoa izango da. Euskarri horren barruko argazkiaren neurria, gehienez, 25 x 35 cm-koa izango da. Horrez gain, argazkiak egileari buruzko datu barik aurkeztuko dira, baina argazki bakoitzari atzean izenburua ipiniko zaio.
Argazkiarekin batera, kartazal itxia aurkeztuko da: kartazalaren gainean lanaren izenburua eta zein kategoriatan parte hartzen duen jarriko da; kartazal barruan, berriz, partehartzailearen datuak eta argazkiaren izenburua sartuko dira.

Sariak

Parte-hartzaileak hiru maila ezberdinetakoak izango dira: lehen mailan 6-12 urte bitartekoak, bigarrenean 13-18 urtekoak eta 19tik gorakoak hirugarrenean.

  • Lehen mailakoentzat sariak:
    Lehen saria: 25 euro.
    Bigarren saria: 15 euro.
  • Bigarren mailakoentzat saria:
    Lehen saria: 45 euro.
    Bigarren saria: 25 euro.
  • Hirugarren mailakoentzat saria:
    Lehen saria: 250 euro.
    Bigarren saria: 150 euro.

Egile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du eta epaimahaiak hala erabakiz gero, edozein sari hutsik gera liteke. Argazki munduko pertsona adituek osatuko dute epaimahaia. Lanak baloratzerakoan, kalitate teknikoa eta artistikoa eta adierazteko orijinaltasuna hartuko dituzte kontutan.

Aurkezten diren argazki guztiekin erakusketa egingo da maiatzaren 17an, 18an, 24an eta 25ean, Olaranen. Erakusketa bukatu eta gero egileak udaletxean jaso ahal izango ditu argazkiak hilabetez. Epe hori bukatu eta gero udalak erabakiko du argazkiokin zer egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak