Urteko batzar orokorretik "gaztetuta" irten da Arrola

Imanol Gallego 2014ko mar. 28a, 13:33

Arrolako kideek Aretxabaletara egindako irteera.
Aurreko aste bukaeran Olaran jauregian egin zuen Arrola Mendizale Elkarteak urteko batzarra, eta, zuzendaritzako kide berriak aukeratzeaz gain, joan den urteari errepasoa egin eta aurten egingo dituzten irteera eta ekimenak zehaztu zituzten.

Dudarik gabe, Arrola elkartearen arrakastaren sekretua harrobia da. "Hemen antolatzen diren ekintza guztiak herrira begira egiten dira", azaldu du Arrola Mendizale Elkarteko kide Jabier Etxanizek. Horregatik, urtero gazteei zuzenduta egiten diren bi edo hiru irteerak mantenduko dituzte; lan horretan, gainera, Pausoka elkartearen laguntza izango dute. "Martxoan Aretxabaletara joan ginen, eta gure inguruan federazioak antolatzen dituen topaketetara joaten jarraitzeko asmoa dugu", dio Etxanizek.

Hala ere, irteera propioak ere egingo dituzte. Herriko jaien aurretik, uztailean, Pirinioetara joango dira eta, oraindik data zehaztu gabe duten arren, Lapurdiko kostaldera joateko asmoa ere badute. Kanpora egiten dituzten irteerak herriko txokoak ezagutzeko egiten dituztenekin tartekatuko dituzte.

Zuzendaritza, "gaztetuta"

Elkartearen norabidea zehazteaz gainera, batzarrak zuzendaritzako lau kide aldatzeko ere balio izan zuen. Kide berriek federatuak izan behar dute, eta, zoriz aukeratu arren, laurak gazteak dira: Aitzol Iturbe, Maialen Guridi, Jon Iturbe eta Leire Collado. Etxanizi kide berrien inguruan galdetuta, hark argi dauka: "Zorte handia izan dugu, laurak oso potenteak dira, eta proposamen, ekintza eta ideia berriak ekarriko dituzte elkartera".

Hala ere, aldaketa horiek ez dira lehen urte honetan igarriko. "Lehen urtea karguari egokitzeko izan ohi da, euren eskua hurrengo urtetik aurrera ikusiko da", aipatu du Etxanizek.

Mendiko bizikletari bultzada ematea

Aurrenekoz 2013an ekin zioten mendi bizikleta sustatzeari eta aurten bide beretik jarraitzeko asmoa dute. "Aurreko urtean bi irteera egin genituen eta aurten horiek mantentzeko egingo dugu lan", azaldu du Arrolako kide batek.

Horretarako, datak zehazten hasi dira; Finalista Egunean, adibidez, mendiko bizikletarekin irteera egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak