Bilera egin zuen atzo GI-632 errepideko lanei segimendua egiteko Aldundiak sindikatuekin osatutako Jarraipen Batzordeak. Bilera horretan, besteak beste, 2013ko irailaren 18an obra horretan Jose Inazio Alkortaren heriotza eragin zuen lan istripuaren harira Osalanek eta Lan Ikuskaritzak kaleratutako txostenak aztertu zituzten Aldundiak eta sindikatuek.
Txostenek diotena aztertu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du Lapatza Aldi Baterako Enpresa Batasunak baduela "ardura", izan ere, "txostenek diote enpresa batasunak ez zituela bete kontratuko betebeharrak segurtasun eta osasun arloan". Horregatik, kontratazio pleguetan jartzen duenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,6 milioi eurotako zigorra ezartzea proposatuko du, eta espedientea abiarazi du.
Zigor "handia"
Larraitz Ugarte diputatuak Segimendu Batzordean parte hartu duten LAB, CCOO eta UGTko ordezkariek lagunduta eman zuen erabakiaren berri, atzo arratsaldean, hedabideen aurrean: "Obra hau egiteko pleguetan jartzen duena aplikatu dugu, zigor handia da eta espero dugu horrelakorik berriro egin beharrik ez izatea, izan ere, horrek adieraziko luke lan eta segurtasun baldintzak betetzen ari direla obra honetan eta, beraz, langileak segurtasunez ari direla. Espero dugu enpresa guztiek dagokion garrantzia ematea segurtasunaren gaiari eta era horretan lan istripuak gutxitu ahal izatea. Aldundiarentzat hasieratik oso garrantzitsua izan da lan arloko segurtasuna, herritarren ongizaterako ezinbestekoa baita arlo horretan erakundeek zorrotz jokatzea".
Segimendu Batzordean parte hartu duten sindikatuekin adostu du Aldundiak zigor proposamena, eta obra horren jarraipena egiteko konpromisoa berretsi du batzordeak.
Herri akusazio gisa
Aste honetan bertan, bestalde, Diputatuen Kontseiluak erabaki du hil zen langilearen kasuan herri akusazio gisa aurkeztea epaitegien aurrean.