Pixkanaka berriro indarra hartzen doan festa bilakatu da Independentzia Eguna antzuolarrendako. Orain dela bost bat urte, berriro errekuperatu zuten festa. Independentzia Eguna aspaldidanik datorren ohitura bat da eta azken urtetan ospatu den arren, galduta egon den festa izan da.
Gaztetxe zaharra itxi zenean galdu egin zela kontatu digute, baina aipatu moduan, orain dela 4-5 bat urte berreskuratu dutela azaldu digute antolatzaileek.
Festaren gainean balorazio oso positiboa egin digute eta jendea animatu gura dute baserritar jantzita parte hartu dezan. Antzuolarrendako egun oso polita izanik, herritarren erantzuna ere oso ona da. Herritarrei galdetu diegu ea zapaturako festaz gozatzeko prest dauden.
Egun osoan izango da jai giro berezia. Lehiaketak, jolasak, elektrotxarangarekin poteoa... Gauean berriz, musika izango da protagonista Antzuolako eta Aiherrako bi talderen eskutik.
Bazkarira joan nahi dutenek txartelak gaztetxean erosteko aukera dute. Baita tortilla lehiaketan parte-hartzea gura dutenek ere.