Andoni Larrañaga: "Esperientzia oso dibertigarria izan da"

Maider Arregi 2014ko mar. 21a, 11:09
Andoni Larrañaga antzuolarrak 'Smile Festival'-eko Zuzeneko Marketin atalean saria jaso berri du. Izaera europarra duen jaialdi honek publizitate estrategia moduan umorea erabili duten Europako kanpainak saritzen ditu. Epaimahaiak saritutako lana 'Elvis lokal bila' izeneko kanpaina izan da eta Tolosako Udalak eta Tolosako Merkataritza Elkarteak abian jarri zuten Tolosa Merkat proiektuaren baitan egindako kanpaina da.


"Orain dela bi urte aurkeztu ginen Verano Azul izeneko kanpainarekin lehenengoz eta aurten berriro animatu gara. Taldeko lau pertsona joan gara Madrilera saria jasotzera; oso dibertigarria izan da eta esperientzia positiboa". Oraingoan saritutako lana baina, Elvis lokal bila izan da. "Tolosako Udalak lokal hutsak betetzeko kanpaina bat egitea eskatu zigun. Guk azoketan eta makina-erremintaren arloan jarduten dugu nagusiki gure lan esparruan; eta pixka bat gogorra da. Horregatik, horrelako aukera ezberdina suertatzen zaigunean animatu egiten gara eta zerbait dibertigarria egiten saiatzen gara",  gaineratu digu Larrañagak.

Hala, animatu eta kanpaina "xelebre xamarra" aurkeztu zutela azaldu digu: "Antolatzaileek ez zuten espero horrelako lanik eta harrituta geratu ziren lehen momentuan; baina primeran pasa genuen eta oso gustura geratu ginen egindako lanarekin".

Umorea oinarri

Umorea izan da zalantza gabe kanpaina honen gakotariko bat. Ez da erreza umorea erabiltzea,  baina bai eraginkorra: "Umorea ez da esparrurik errazena, baina oso ondo funtzionatzen du sektore batzuetan. Jende artean, herrietan esaterako, oso ondo funtzionatzen du beti ere markarekin erlazionatzen bada", nabarmendu digu.

'Elvis lokal bila'

Herri osoan barrena kartelak jarri zituzten Elvis lokal bila zebilela iragartzeko. "Lokalak betetzeko hedabideetan irten behar ginela garbi geneukan. Horretarako, kartel batzuk herri osoan eta baita ere ondoko herrietan jarri genituen. Marketing zuzena egin genuen. Gainera, hedabide desberdinetako 12 kazetariri kaxa bat bidali genien. Bertan, flashmob-era etortzeko gonbidapena egiten genien. Elvisen betaurrekoak ere bidali genizkien misterioa eta interesa pizteko".
Horrelaxe, 15 Elvis azaldu ziren Tolosako azokara. "Gure lana eginda geratu zen modu horretan: oihartzuna izan zuen eta kanpaina, hedabide guztietara zabaldu zen zuzenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak