Zapatu eguerdian batzarra eta taldeko argazkia egin zituzten Antzuolako Gure Esku Dago taldeko kideek. 40 bat lagun elkartu ziren eguerdian Olaran etxean egindako informazio batzarrean, eta amaitutakoan eta euria zenez udal pilotalekua aukeratu zuten argazkia ateratzeko.
Antolatzaileak gustura azaldu dira deialdiak herrian izandako erantzunarekin. "Gure aurreikuspenak gainditu dituen lagun kopurua elkartu gara azkenean, eta kolore guztietako herritarrak gerturatu dira", adierazi du Gure Esku Dago taldeko kide Ainhoa Ugarteburuk.
Erronka berriak
Batzarrean azaldu zutenez, azkenean herrian bertan egingo dute kilometroa antzuolarrek. "Hasierako asmoa zen Antzuolari egokitutako kilometroa San Prudentzio inguruan izatea, baina lortu dugu herrira ekartea eta orain erakutsi behar dugu gauza garela kilometro hori betetzeko", esan zuen Ugarteburuk.
Hala, erronka berriak dituzte Antzuolan. "Martxoaren 23rako lortu behar dugu 400 pertsonak postua erostea, eta ekainaren 8rako 600 pertsonara heltzea". Aste bukaera guztietan ipiniko dituzte salmenta postuak herrian; postu bakoitzak bost euroko prezioa du.