Denetariko ekintzak izango dira asteburuan Inauteriak ospatzeko

Ane Miren Etxeberria 2014ko ots. 28a, 12:22

Eguen Gizen egunaren ostean Egubakoitz Argal eguna da gaur eta gaztetxean afari parte-hartzailea eginda emango diote hasiera asteburu luzeari. Hala ere, domekan ospatuko dute Inauterietako egun bereziena herrian: asteetan entseatutako Luzaideko dantzak aurkeztuko dituzte herritarren aurrean, baita Antzuolan egiten den sorgin-dantza ere.

12:30ean dantza talde biak herriko plazan elkartuko dira; hau da, sorgin-dantza eta Luzaideko polkak dantza egin behar dituztenak. Eta herritarren aurrean dantza egingo dute. Hauxe da programa: umeen saioa, aurten dantzan hasi direnek orduan egingo dute estreinako emanaldia. Luzaideko dantzak eta sorgin-dantza egingo dituzte ondoren. Horretaz gain, 14:30ean herri bazkaria izango da herriko plazan.

Kultura Sailetik aditzera eman dutenez, "Antzuolak Inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa betidanik izan ditu". Ez dakite sorgin-dantza noiz egin zen herrian lehenengo aldiz; 1922. urte inguruan dantzatu zuen dantza talde batek. Aldiz, badakite dantzari horiei 25-30 urte gehiago zituen Nikomedes Letek irakatsi ziela dantza hori; beraz, hortik ondoriozta daiteke 1885. urte ingururako dantzatzen zela Antzuolan sorgin-dantza.

Garai hartan, goizean goiz atera eta baserriz baserri ibiltzen ziren txanpon edo sari bila. Gero, kalera itzuli eta eguerdi aldera bazkaldu egiten zuten; arratsaldean jaiarekin segitzen zuten.

1990ean berreskuratu zuen dantza hori Oinarin dantza taldeak eta hurrengo urtean irten ziren hartza, tximinoa eta hezitzailea, Inauterietako pertsonaiak.

Kikirixon mozorro tailerra

Astelehen eta martitzenerako, Kikirixo aisialdi taldeak mozorro tailerra antolatu du. Zabor-poltsekin mozorroak egingo dituzte eta txiki-txokoa goiz eta arratsaldez egongo da zabalik: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Martitzenean, aldiz, mozorroekin jarraitu eta jaialdia egingo dute arratsaldean.
Umeak mozorrotu ahal izango dira egin dituzten mozorroekin edo Kikirixon bertan egongo diren oihal, ileorde, txano eta bestelako osagarriekin. Makillatzeko aukera ere egongo da, eta baita musikarekin dantza egiteko ere. Beraz, ez dago aitzakiarik ez mozorrotzeko.

Erretiratuek, afaria

Erretiratuek ere euren urteroko festa ospatuko dute martitzenean; izan ere, afaria egingo dute elkartean. Urteroko ohiturari eutsiz, mozorrotu eta afaldu ondoren dantzaldiaz disfrutatzeko aukera izango dute herriko nagusiek. Beraz, denetariko ekintzekin disfrutatzeko aukera egongo da asteburu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak