Orain arte, tabernak duen aterpe txikian batzen ziren zaleak, baina orain, banderen eta tabernaren artean beste leku bat dago, beste espazio bat. Atletismo pistarainoko zabalera du, baita teilatu bat ere. Oraingoz, hori da dagoena, baina asmoa da aldamenak ere egitea; hau da, alboak itxi haizetik eta euritik hobeto babesteko. Kirol zinegotzi Aritz Saidiren esanetan, "aurreikusitako aterpearen tamaina baino handiagoa egin da", herritar asko joaten baita zelaira.
Hobekuntzak Estalan
Aterpea eraikitzea, baina, ez da Estalan azkenaldian egindako hobekuntza lan bakarra. Izan ere, argiteria arazoak eta iturgintza sistema osoa konpondu egin dituzte eta hobi septikoa hustu egin dute. Halaber, beste lanen bat egiteko asmoa ere badagoela aurreratu zuen Kirol zinegotziak, baina oraindik goiz dela gaineratu zuen eta "aurtengo aurrekontua ere ez dela horren handia" esan zuen. Asmoak badaude, baina "denboraldia aurrera joan ahala ikusiko da egiten den edo ez; asmo horien barruan futbol zelaia berriz kautxuztatzea dago". Hori, baina, denboraldiak aurrera egin ahala egingo den edo ez ikusiko da.
Asteburu honetan, beraz, aterpe berria estreinatzeko aukera paregabea egongo da, futbol partiduak etxean jokatuko baitituzte futbolariek.
Futbol partiduak asteburuan
Asteburu honetan etxean jokatuko dute erregional eta gazte mailetako futbolariek. Nagusiek azken partiduko bajak errekuperatuko dituzte Vasconiaren aurka jokatzeko. Azken jardunaldian 3-0 galdu ostean, bolada ona bertan behera geratu da; beraz, bide onera berriz bueltatzeko partidua jokatu beharko dute. Aurkaria, ostera, indartsu dator Getariako maisuki gainditu ondoren. Sailkapenean, gainera, puntu gutxiren aldea dute; beraz, etxekoek indartsu eta gogoz atera beharko dute partidua irabaztera. Partidua zapatuan izango da, 16:00etan.
Gazte mailako futbolariek ere hiru gol jaso zituzten azken jardunaldian eta ezin izan zuten ezer egin Soraluzen. Hala, asteburuan, lehiari gogor ekin beharko diote Igor Larrearen mutilek. Etxeko gazteek Urki taldea izango dute aurkari. Partidua 16:00etan izango da, domekan.