Abenduan lehen bilera egin ostean eta urte berriarekin batera, pausu berriak eman dira herrian sortzekoa zen kontsumo talde berrian. Pasa den astean burututako azken bileran, izena jarri zioten taldeari eta jarraitu beharreko hainbat irizpide ere zehaztu ziren.
Momentuz, 18 familiek eman dute izena hiru hilabetetan froga egin eta ondoren proiektuan segi edo ez erabakiko dutenak. Gehienez, 20 familiatan kopurua mugatzea erabaki zuten ere.
Otarren prezioa, noiz hasi eta beste hainbat kontu hurrengo bileran zehaztuko dituztela jakinarazi dute ere Kontsumo talde berritik. Hala ere, Lapatza baserria izango da seguruen familia hauen otarrak barazkiz hornitzen arituko dena, baina horrek ez du esan nahi beste ekoizle batzuekin kontaktuan jartzerik izango ez denik, izan ere "Antzuolako beste baserritar batzuekin ere kontaktatzen ari gara bestelako produktuak, arrautzak, ogia, fruituak... eskaintzeko interesa duten edo ez jakiteko, izan ere, taldean, barazkiez gain, bestelako produktuak erosteko nahia adierazi dute" gaineratu du Gotzon Madina Saskiolako idazkariak.
Ardurei dagokionez, Madina idazkaria izango da, Aitziber Goñi zerrenden arduraduna eta Mari Karmen Iturbe diruzaina.