Goierrin jaio zen Gure esku dago dinamika, eta bi goierritarrek egin zuten Antzuolan beronen aurkezpen orokorra: Aloña Galarragak eta Mikel Egigurenek. Helburua eta orain arte egindakoak azaldu zituzten, eta besteak beste, erabakitzeko eskubidea prepolitikoa dela esan zuten: "Hemen ez bezala, beste herrialde askotan autodeterminazioa eskubide moduan hartzen dute alderdi abertzale eta ez abertzaleek. Guk eskatzen dugu eskubide hori lortzeko bidea batera egitea; gero bakoitzak erabakiko du nahiago duena: independentzia, oraingo egoera... Ideologiaz gaindi dagoen zerbait da, oinarrizko eskubidea".
Giza katea, Antzuolatik
Jon Ugarteburu da taldea sortu guran dabilen antzuolarretako bat: "Hiruzpalau pertsona ari gara horretan, eta esparru ezberdinetako jende gehiago erakarri nahi dugu taldea eratzeko".
Gure esku dago-k giza katea antolatu du ekainaren 8rako, eta Antzuolatik pasako da berau. Ugarteburuk azaldu zuen asmoa dela Antzuolak kilometro bat hartzea bere kargu: "Kalkulatzen dugu kilometroa osatzeko 400 pertsona behar direla, eta hori da gure helburua". Egun hori jendea motibatzeko erronka moduan hartu eta talde iraunkorra sortu nahi dutela gaineratu zuen Ugarteburuk.