Hala, kuadrilla hori batera eta bestera ibiltzen da, egutegiak baimentzen dien bakoitzean, lur gaineko raidetan parte hartzen. Horretarako, baina, autoa behar da: Ezkion gordetzen dute Mitsubishi MTRa, hurrengo erronkaren zain. Ez da, baina, garajean duten altxor bakarra. Dakarra ez lehiatu arren, 2014an ez dute geldirik egoteko asmorik.
Hiru anaia lasterketetan
Gaztetako pasioa dute Urkiola anaiek automobilismoa. Eta azken hamarkadan pasio hori barru-barrutik bizitzen dabiltza. Familia horretan Jose Mari da Goierriko bailara Debagoienagatik aldatu duen bakarra, duela 20 urte joan zen-eta Antzuolara bizi izatera: "Eta oso gustura bizi naiz, gainera", dio, barrez.
Jose Mari Urkiola, erakustaldian, Mitsubishiaren aurrean.
Hala, Dakarrean parte hartzera Argentinara bidaia egin ez badute ere, Dakarraren aurkezpenean Bartzelonan izan ziren, Teledeporte saioko aurkezle Marc Martinen deia jaso ostean. Izan ere, antolatzaileek interes berezia zuten eurengan: "Konpetizioan erabiltzen dugun autoaz gain, lasterketetako beste bi Mitsubishi ditugu, Stephane Peterhansel pilotuak 2004ko Dakarrean erabili zuen Mitsubishia [2. egin zuen] eta 2006an Luc Alphand-ek erabili zuena [Dakarra irabazi zuen]. Hala ere, nahiz eta Dakarrean protagonista izan diren autoen jabe diren, laugarren autoa da, akaso, bereziena: Suzuki Vitararen prototipo bat dugu, oso auto berezia da". Hala, azken auto hori bere garairako –80ko hamarkada– oso auto aurreratua zen. Antonio Zanini ospetsuak prestatu zuen auto hori, neurrira egin zuen Suzuki etxearendako, eta Josep M. Solek eta Josep Calmek gidatu zuten.
Bartzelonan egindako Dakarreko aurkezpenean.
Gidatu bakarrik ez, 1988an eta 1989an Espainiako Txapelketa irabazi zuen Vitara hark, eta urkiolatarrek 2008an erosi zuten autoa, hainbat urtez arrastoa galduta izan ostean, Leonen. Eta, klasiko moduan, erakustaldietan eta bestelakoetan parte hartzeko konpondu zuten: "Beste bi Mitsubishiak ere kapritxo moduan ditugu, klasiko modura. Auto horiekin lehiatzeak ez du zentzurik, istripu bat-edo izanez gero oso garestiak direlako konpontzeko".
Bi Mitsubishiak, garajean.
Bada, duela bi aste saltsa ederrean ibili ziren Bartzelonan: "Ederto ibili ginen, Mitsubishietako bat eraman genuen, erakusteko, eta Dakarrean lehian dabiltzan pilotuekin egon ginen berbetan. Urteak dira Nani Roma eta konpainia ezagutzen dituguna, Espainia mailako lur gaineko rallyetan parte hartzen dugulako; oso jende jatorra da".
Mitsubishia, barrutik.
2014rako erronka berriekin
2013an hainbat raidetan izan dira, baina, tamalez, ez zuten urteko hitzordu handienetako batean parte hartzerik izan: "Uztailean Marokon izan ginen bi egunez desertuan entrenatzen. Asmoa zen urrian Marokon egiten duten lur gaineko rallya ondo prestatzea", baina hitzordua iritsi zenean, urkiolatarrek ezin izan zuten irteera puntuan egon: "Lasterketa hori lehengo Dakarra da; izan ere, ibilbideak Maroko eta Senegal batzen ditu. Jendeak uste du Dakarra Ameriketara eraman zutenean Afrikan egiten zena desagertu egin zela, baina ez da horrela, rallya beste izen batekin egiten dute".
Ferryan, Afrikara bidean.
Hala, hainbat arrazoirengatik ezin izan zuten proban parte hartu: "Dena dela, desertuan egindako bi egunak oso emankorrak izan ziren. Ederto ibili ginen, eta asko ikasten da halakoetan. Hori bai, bero izugarria pasa genuen; pentsa, uztailean eta desertuan 47 graduko tenperaturaz. Halakoetan harea beharrean badirudi irina zapaltzen ari zarela, egiten duen beroaz fin-fin geratzen da harea, eta oso zaila da autoa ondo gidatzea. Urrian, berriz, 10 gradu jaisten da tenperatura, eta kondizioak ere bestelakoak izaten dira. Hori bai, autoak paliza galanta hartzen du desertuan".
Desertuan lan-saio onak egiteko gertu.
Marokora joan barik, baina, Espainian ere raid asko dituzte aukeran: "Gertuen, Zaragozan edo Burgosen lehiatzen gara. Bestela, Portugalen, Almerian, Murtzian… egiten dituzte lasterketak. Aurten, esate baterako, Baja Aragon lasterketan parte hartzeko asmoa dugu".
Dakarra, gertu izan zuten ametsa
Joan den otsailaren 5ean hasi zuten 2014ko Dakarra: "Hori beste kontu bat da, gauza serioa", diosku Jose Mari Urkiolak. Bertan lehiatzeko ametsa, baina, 2008an gertu izan zuten urkiolatarrek. Edizio hura Portugalen zen hastekoa, baina, Al Qaedaren mehatxuak zirela-eta Mauritanian segurtasuna bermatzerik ez zegoenez, bertan behera utzi zuten proba. Eta antolatzaileek orduan erabaki zuten lasterketa Argentinara eramatea. Hala, berri hark irteera puntuan egoteko ahaleginean harrapatu zituen Jose Mari eta haren anaiak, eta ordutik hona ideia baztertu dute: "Kostuak handitu egin dira, Argentinaraino autoa eramatea, opor egunak hartzea... Aurrekontu handia behar da".
Gabez, autoa puntuan jartzen.
Hala, ekonomikoki lasterketa horretan parte hartzeak dakarrenaz egin digu berba Antzuolakoak: "Hasteko, aurrez 150.000 euro ordaindu behar dira. Kopuru horrekin 2 asterako gasolina duzu, aterpetxeetan lo egiteko aukera, janaria... Hau da, bi astean lasterketan izango dituzun gastuak daude barruan. Baina bigarren egunean matxura bategatik edo istripu batengatik etxera itzultzen bazara? Orduan ez dizute ezer itzultzen, eta pentsa zelako dirutza den". Hala, Urkiolak azpimarratu du Espainiatik autoetan lau pilotu baino ez joatea oso esanguratsua dela (Carlos Sainz, Nani Roma, Xabier Foj eta Lucas Cruz).
Eta lasterketa aurrera doan honetan, faboritoen gainean ere galdetu diogu: "Nani Romak irabaztea nahi dut, baina denbora galdu du dagoeneko, eta uste dut Peterhansel gailenduko dela. Motorretan, ostera, Marc Comaren alde egingo nuke".
Entrenatzera, Bardeara
Lasterketa horietan ondo ibiltzeko ezinbestekoa da autoa mekanikoki puntuan izatea, eta horretarako Bardeara (Bardeetara) joaten gara entrenatzera: "Dakarrean ere hori da kontua, aurrekontua izateaz batera ondo entrenatuta joatea, eta autoa puntuan. Baina gauza serioa da hura, bi aste oso-oso gogorrak direlako".