Garaipena merezi izan bazuen ere, banakoarekin konformatu behar

Ane Miren Etxeberria 2014ko urt. 11a, 20:36

Partidu oso beroa izan da gaurkoa. Ez eguraldi ederragatik, baizik eta Eztala futbol zelaian jokalari, zale eta epailearen artean sortutako giroagatik. Antzuolak garaipena merezi izan du, baina azkenean banakoarekin amaitu da partidua.

Lehen zatia lasai samar hasi da. Tolosaren aukerak alde batetik eta bestetik Antzuolarenak. Nahiko orekatua izan da. Batzuetan Antzuolak aukera politak izan ditu eta bestetan Tolosak. Arana eta Zubiren arteko jokaldi politek aukera bat baino gehiago eragin dute, baina ezinean aritu dira, ezin jokaldia amaitu. Falta asko izan dira partiduan eta halako ugaritan Tolosak aukera eta arrisku asko sortu ditu. Baina lehen gola Antzuolako jokalariena izan da. 20.minutuan, korner baten ondorioz, Oinatzek gol bikaina sartu du, denbora tarte horretan egindako lan eta esfortzuaren emaitza borobila izan da gola. Hortik aurrera baina gauzak aldatzen hasi dira, faltak pitatu eta txartel horiak ateratzen hasi baita epailea.

30. minutuan, zaleek eta jokalariek beraiek ulertu ez duten jokaldi batean, Zubikarairi bigarren txartel horia atera eta kalera bidali du epaileak. Iñaki Agirre kapitaina protestan, txartel horia ikusi du momentu berean. Hala, lehen zatiko azken hamar minutuak zein bigarren zati osoa hamar jokalariz jokatu behar izan du Antzuolak.

Lehen zatia, bat eta hutsekoarekin amaitu da beraz. Bigarren zatian, baina, Tolosako jokalariak indartsu atera dira eta lehenengo minutua pasa ostean gola sartu dute banakoa markagailura igoaz. Antzuolakoek ez dute amore eman eta aukera bat baino gehiago izan dute Arana eta Aitor Godoyren eskutik.

20.minutuan baina, marrazainak kexa luzatu dio epaileari nola zale batzuek txistua bota dioten. Epaileak partidua geratu du eta momentu beroak izan dira jendea protestaka hasi delako eta epaileak partidua bertan behera utziko zuela mehatxatu duelako. Azkenean protestak medio, txartel hori nahikotxo atera ditu, baita aulkian zeuden jokalariei ere. Denbora asko galdu da eta azkenean partidua 8 minutu gutxi gora behera luzatu behar izan ditu epaileak.

35.minutuan baina, Inaki Agirrek garaipena bere botatan izan du, izan ere, kontraeraso batean eta tolosarren arearen barruan, eskuarekin ikutu du baloia defentsa batek. Penaltia beraz, etxekoen alde. Garaipena bertan zen, baina Tolosako atezainak geratu egin du Frisek botatako baloia. Hurrengo minutuek luze jo dute. Tolosak aukera bat baino gehiago izan ditu partidua irabazteko, baina Jon Iturbe atezainak egindako irteera bikainei esker ez dute lortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak