Antzuolako 8 Miliak probaren bigarren edizioa otsailaren 16an

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 8a, 13:19

Lasterkari batzuk, iazko probako punturik altuenetik igarotzen.
Iaz lehen aldiz egindako lasterketak izandako arrakasta ikusirik, bigarren edizioa ospatuko dute aurten. Otsailaren 16an izango da eta hil honen 12an irekiko da izena emateko epea.

Aurreko edizioarekiko aldaketa batzuk eman badira ere, kirola bultzatzea eta guztientzako jai herrikoi bat gauzatzea izango dira helburu nagusiak aurtengoan ere.

Aurreko urtean bailarako Antxintxika Triatloi Taldeak eta Antzuolako Udalak izan zuten antolakuntzaren ardura. Udaletik biziki eskertu diote Antxintxikari edizio hartan eskainitako ezinbesteko laguntza, baina aurten, aurreko urteko esperiantziaz baliatuz, herriko Arrola Mendi Elkartearekin eta osatu zen A8M antolakuntza taldearekin elkarlanean antolatuko du lasterketa Udalak.

Doako 10 izen-emate

Herritarren parte-hartzea bultzatzeko, Udalak doako 10 izen-emate zozketatzeko asmoa du aurten ere. Zozketan parte hartzeko mezu bat bidali behar da izen-abizenekin eta harremanetarako telefono zenbaki batekin, kirola@antzuola.net helbidera. Urtarrilaren 11n egingo da zozketa eta telefonoz zein Udaleko webgune bidez jakinaraziko dira irabazleak.

Izen-ematea, bost euro

Antolakuntzatik azpimarratu dute saiakera bat egin dutela gaur egungo egoera ekonomikoarekin bat datorren lasterketa bat antolatzeko eta, besteak beste, erabaki dute izen-ematea bost eurotan jartzea. Sari eta zozketak apalagoak izango dira, baina ekintza guztiak mantenduko dituzte: "Jai polita eta herrikoia izango da".

Izen-ematea urtarrilaren 12an irekiko da kirolprobak.com webgunean.

Egitaraua

  • 10:30ean, A8M Helduen Mendi Lasterketako Irteera. 16-17 urteko gazteek parte hartzeko gurasoen baimena sinatuta bidali behar dute, antzuolako8m@gmail.com helbidera.
  • 11:00etan, A8M Minimotoen Lasterketa (1-4 urte). Plastikozko motortxoa eta kaskoa parte-hartzaileek eraman beharko dituzte eta sinatutako gurasoen baimenak bertan jasoko dira.

Froga bakoitzaren ostean, hamaiketakoa egongo da parte-hartzaile guztientzat, minimoto zein mendiko frogakoentzat.

  • 13:00ak inguruan, sari banaketa.

Boluntario bila

Lasterketa aurretik nahiz egunean bertan dauden lan ezberdinetarako boluntarioak behar dituzte: "Denetariko lanak izango dira, baina ez konplikatuak (bidea markatu, kruzeak egin, horniduretan egon…), eta korrika egiteko asmorik ez baduzue esker onez hartuko genuke zuen bultzadatxoa".

Laguntzeko prest egonez gero, bidali mezu bat izen abizenekin, antzuolako8m@gmail.com helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak