Berdindu egin du Antzuolak azken unean

Iure Eizagirre 2013ko abe. 21a, 21:05
Iosu Zubikarai izan da gaurko partiduko protagonistetako bat.
Banako berdinketarekin amaitu da Antzuolak eta Hondarribiak Eztalan jokatutako partidua. Berdinketa gogorra izan da etxeko taldearentzat, epaileak azken minutuan adierazitako falta baten ondorioz egin du-eta gola Hondarribiak.

Erasorako gogoz ekin dio Antzuolak partiduari eta lehen minutuetan Hondarribiaren zelaian jokatu du, behin eta berriro jokaldiak antolatzen saiatuz. Lehen 20 minutuak pasata hasi da Hondarribia bere lekua hartzen eta lehen aukerak egiten.

Etxeko taldeak aukera politak izan ditu lehen zatian: alboko sakez ateratako baloi bat kanpora joan da bigarren zutoinaren albotik, Iosu Zubikarai eta Ander Arana jokoa hegal batetik bestera mugitzen saiatu dira, eta Zubikarai birritan saiatu da atezaina ustekabean harrapatzen urrutitik jaurtita. Horietako bat goiko langa jo eta kanpora joan da.

Lehen zatiaren amaieran giroa berotu egin da Eztalan eta antzuolarrek penaltia eskatu dute jokaldi batean baina epaileak ez du adierazi. Gainera, Mikel Ibabek txartel horia ikusi du falta baten ostean Hondarribiko jokalari baten bila joateagatik. Giroa berotuta baina hutseko berdinketarekin joan dira bi taldeak aldageletara.

Saiakera asko, gol bakarra etxekoek

Erritmo biziarekin zelairatzen saiatu dira Juanina Garairen mutilak bigarren zatian eta gol aukera ugari egin dituzte. Zubikaraik izan du argiena: Hondarribiko atezainaren aurrean geratu da airetik zetorren baloi baten zain, atezainak ez du hartu eta Zubikaraik jaurti ostean, zutoinera joan da baloia.

Horren ondoren heldu da etxekoen gola, bigarren zatiko 23. minutuan. Zubikaraik ezker hegaletik igo du baloia Hondarribiko ateraino eta sareen artean bukatzeko adina gurutzatu du.

Golaren ostean beste hainbat aukera izan ditu etxeko taldeak, horietako bat Aranak hasitako jokaldi batean. Atezainaren aurrera heldu da baloiarekin eta honek aldendu ondoren, Zubikaraik jaso du. Loratzen saiatu da eta zaletuak gola ospatzeko zorian zeudela, kanpora joan da baloia.

Minutu bat beranduago, epaileak Antzuolaren aurkako falta adierazi du zelai erdia baino metro batzuk aurrerago eta hortik etorri da bisitarien gola. Golarekin batera amaitu da partidua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak