Kontsumo taldea osatzeko lehen bilera egingo dute gaur

Iure Eizagirre 2013ko abe. 11a, 13:15
Baserritarrek euren produktuak saltzeko azokak gero eta gutxiago direla-eta kontsumo taldeak sortzen ari dira azken garaiotan hainbat herritan. Antzuolan ere gauza bera egiteko asmotan dabiltza eta horren inguruko hitzaldia eskainiko dute gaur, 19:00etan, Olaran etxean.

Kontsumo taldeetan koordinatzaile eta kide moduan esperientzia duen Leo Argotek emango du gaurko hitzaldia. "Kontsumo taldeak osatzen dira produktuak merkaturatzeko prezioak oso baxuak direlako baserritarrentzat eta jendeak baduelako produktu osasuntsuak, kalitatezkoak eta bertakoak kontsumitzeko kontzientzia", dio Argotek.

Kontsumitzaileek kuota bat ordaintzen dute hilero eta horren truke astero otar bat jasotzen dute "barazkiena bakarrik, edo produktu gehiagorena: ogia, arrautzak, okela...". Taldeko kideek eta baserritarrak adostu ohi dituzte produktuak.

Gaurko hitzaldian jendeak interesa erakusten badu beste bilera bat egitea aurreikusten dute, baserritarrak bilatu eta antolakuntza zehazteko. Gotzon Madina herritarra dabil kontsumo taldearen antolakuntzan eta bere esanetan, "jende asko dago interesa duena eta beste asko jakinmina gutxienez, duena. Hitzaldiaren ondoren ikusiko dugu jendea benetan prest dagoen edo zalantzak sortzen diren".

Baserritarrendako ere bai

Hitzaldia ez da kontsumo taldeko kide izan nahi dutenentzako bakarrik. "Baserritarrei ere galdetu beharko genieke ea horrelako esperientzia batean parte hartzeko prest dauden", dio Madinak. Izan ere, baserritarrekin hurbileko tratua izatea bilatzen dute kontsumo taldeetan eta horrek bi aldeen interesekoak izan daitezken eskari eta eskaintzak egitea ahalbidetzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak