Paula Kasares: "Familiak du haurrak euskal hiztun bilakatzeko giltza, txikitan batik bat"

Iure Eizagirre 2013ko aza. 28a, 11:00

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakaslea da Paula Kasares. Guar hitzaldia eskainiko du gizarte eleaniztun batean etxeko txikienei eskaintzen zaien euskararen inguruan. 18:30etik aurrera izango da Olaran etxean.

Zertaz hitz egingo duzu egueneko hitzaldian?

Seme-alabak euskaldun hazteko bidean familiak eta gurasoek bereziki duten egitekoaren garrantziaz: beren esku dauden hautuak, eragiteko bideak, motibatzeko erak… Egin dezaketena ez baita amaitzen haurra eskolatzean, umeen hizkuntza portaeretan eragin dezakete.

Gizarte eleaniztun batean seme-alabei euskara aberatsa nola eskaini da hitzaldiko galdera. Zein da horren erantzuna?

Hizkuntzaren kalitateaz baino, hizkuntza-jokaerez ariko naiz. Euskara aberats gisa, egunerokoan komunikatzeko baliagarri eta eraginkorra dena hartuko dut. Izenburuak dioen bezala, familiak du giltza —hein batean— haurra hiztun bilakatzeko prozesuan, neska-mutikoak txikiak direnean, batik bat. Haurrak euskaldun hazteko eta handitzean euskarari eutsiko diotela laguntzeko gurasoen jarrerak eta hizkuntza-balioak funtsezkoak dira. Hori da saioaren ideia eta ulertu behar dena da gure egoera soziolinguistikoa bestelakoa balitz kezka hori ez genukeela izanen.

Nolako euskara eskaintzen zaie egun haur eta gazteei?

Haur eta gaztetxoek euskara baliagarria zaiela sentitu behar dute. Hiztun gazteek hizkuntzaren bizipen askotarikoa (ez bakarrik familiara mugatua edo eskolari lotua, bizitzaren ahal den arlorik gehienetan erabiltzekoa baizik: aisialdian, lagunartean, kirolean, musikan, telesaioetan, irakurgaietan…) izan behar dute. Gure haurrak eleaniztunak izanen dira -honezkero badira- eta handitan euskaraz egiten badute hala hautatzen dutelako izanen da, eta umetatik hasi beharra dago hautu horiek nolabait elikatzen eta indartzen.

Zer nolako eragina izan du azken urteetako gizarte aldaketak (immigrazioak eta abarrek) txikienei erakusten zaien euskaran?

Haurrak euskaldun bilakatzeko prozesuari begiratzen diot, zer erabilera aukera diren beharrezkoak eta haurrek euskararekiko zer motibazio behar duten. Azken urteetan kanpoko herritar asko etorri dira eta horrek, eskolari ez ezik, komunitate osoari erronka bat ekarri dio: nola lagundu horiei bertakotzen, nola erraztu bidea. Euskara herrian hobeki bizitzeko baliabidetzat ikusten badute hizkuntzaz jabetzeko eta umeak ere euskaldun hazteko gogoa piztuko zaie. Hori da herri euskaldunen erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak