Tailerrak, irteerak eta txapelketak, denetarik dute Antzuolako gazteek

Mirian Biteri 2013ko aza. 25a, 18:42

Antzuolako Gazte Txokoan badago zereginik. Joan den azaroaren 8an zabaldu zituen ateak ikasturte berriari hasiera emanez, eta ordutik hona askotariko ekintzak egiten dabiltza. Pasa berri den asteburuan, esaterako, tailer berezia izan du: hain justu, drogamenpekotasun prebentziorako tailerra.

Itsaso Garmendia koordinatzaileak azaldu digu atzo, domeka, eta abenduaren 1ean direla horren gaineko saioak. Antzuolako Gizarte langilearen laguntzarekin antolatu dute, eta Elgetako kalexka elkartea eskaintzen dabil. Tailer horren helburuaz ere egin digu berba, eta honakoa esan digu: "Gaztetxoak drogen inguruan dituzten kezkak, zalantzak eta galderak argitzea da tailerraren helburua, eta drogen inguruko informazioa ematea, prebentzio moduan, noski".

Sukaldean ibiltzen

Tailer horrez gain, bestelako ekintzak egitea ere badute aurreikusita. Garmendiak gogorarazi du joan den urtean, zapatuetan, sukaldean ibiltzen hasi zirela, eta domeketan, filmen eguna zela. Sukaldaritzari tailerrari buruz honakoa nabarmendu du: "Gazteei gustatzen zaie janariarekin saltsan ibiltzea eta gero jatea. Horren helburua sukaldean pixka bat ikastea da, duten denbora librea aprobetxatu eta gustura ibiltzea. Batez ere krepak egitea gustatzen zaie".

Aurten, bi ekimen horiekin jarraitzeko asmoa dute, baina baita ping pong eta mahai-futbol txapelketak gertatzea edo Gazte Txokoan dituzten mahai jokoekin eta bestelako materialarekin ibiltzea, besterik gabe. Horrez gain, koordinatzaileak iragarri du ikasturtean zehar hiruzpalau irteera ere egingo dituztela, baina ez du horren gaineko datu gehiago eman nahi izan, "sorpresa" delako.

Bost hezitzaile

Ekintza guztiak antolatzeko eta gaztetxoekin egoteko bost lagun daude aurten Gazte Txokoan: Hain justu, Olaia Gastiain, Jon Lizarazu, Eider Mendia, Josune Iturbe eta Nagore Etxezarreta hezitzaileak eta aipatutako Itsaso Garmendia koordinatzailea. Horien harira honakoa aipatu du: "Guztiok antzuolarrak gara, gaztetxoekin lan esperientzia daukagunak. Dagoeneko ondo ezagutzen ditugu gaztetxoak; hori garrantzitsua da guretzat".
Esan bezala, gazteak ezagutzen dituzte, eta hori kontuan izaten dute ekintzak antolatzerakoan.

Horren harira, aipatu digu ekintza batzuk begiraleok pentsatutakoak badira ere, gehienak gaztetxoekin adostuta gertatzen direla. Esaterako, zapatuetan egiten den sukaldaritza tailerrean gazteak dira zer egin nahi duten erabakitzen dutenak.
Eta berdin irteerak pentsatzerakoan. Azken horren bueltan, honakoa aipatu du Garmendiak: "Irteeretako proposamenak beraiek ematen dizkigute, azken finean, eurak pozik joatea nahi dugulako. Aurreko urtean, adibidez, beraiek eskatuta, Donostiara joan ginen, Errealeko partidua ikustera. Eta Zornotzan ere izan ginen paintball egiten".

DBH1 eta DBH2

Ikasturte berriari buruz berba egiteaz gain, joan den urteko balorazioa ere egin gura izan du antzuolarrak. "Positiboa" izan dela nabarmendu du, asistentzia maila "oso altuarekin"; DBH1 eta DBH2 ikasten dabiltzan neska-mutilak joan ziren bereziki Gazte Txokora.

Dena dela, dena ez zen positiboa izan. Horren harira, salatu du apurketaren bat edo beste egon zela, "materiala ongi ez zaintzeagatik". Eta gaineratu du aurten ere dagoeneko apurketak egon direla, eta honakoa eskatu du: "Hezitzaileok eskatzen duguna da guztiok ondo pasa ahal izateko gunea eta bertako materiala zaintzea".
Ohi moduan asteburuetan dago da zabalik Antzuolako Gazte Txokoa, zapatuetan 17:00etatik 21:00etara eta domeketan 17:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak