Juanjo Arrieta: "Erakusketaren gaia da emakumea arlo guztietan: politikan, sexologian..."

Iure Eizagirre 2013ko aza. 18a, 16:26

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, erakusketa berezia antolatu du Gaztetxeak aste honetarako: Joanjo Arrieta bildumagile segurarrak emakumeen borrokaren inguruan dituen pegatinak jarriko dituzte ikusgai gaurtik domekara, 17:00etatik aurrera. Ikusteaz gain, mota horretako pegatinak dituztenei gaztetxera eramateko deia egin diete, Arrietak bere bilduma handitu eta historia galdu ez dadin.

Emakumeen borrokaren inguruko erakusketa izango da, ezta?
Erakusketaren gaia da emakumea arlo guztietan: errepresioan, sexologian, politikan... Bere askatasunari buruzko pegatinak ere egongo dira, baita umorezko hainbat ere.

Aurretik Iruñean egon zen erakusketa berdina eta ikaragarri gustatu zitzaien. Batzuetan kosta egiten da ulertzea gauza batzuk nola gusta daitezkeen baina hala da.

Noizko pegatinak dira?
Ezin dut horrela esan baina duela hogei urtetik honakoak izango dira, orain dela astebete artekoak. Ateratzen joan direnak eta lortu ahal izan ditudanak.

Bildumazaleok sare batean ibiltzen gara, inguruko bildumazaleekin harremanetan: arabarrekin, nafarrekin... Eta trukeak egiten ditugu, horrela heltzen zaizkigu pegatinak. Originalak gorde egiten dira eta bikoiztutakoekin egiten ditugu bildumak; hori izaten da erakusketetan jartzen dena.

Antzuolako erakusketako pegatinak zer dira Euskal Herrikoak edo kanpokoak ere badaude?
Bakoitzak nahi duen moduan egin dezake bilduma, horretan ez dago araudirik: batzuek emakumeen ingurukoak bakarrik egingo dituzte, beste batzuek borrokarik gogorrenenak, besteek euren eremuko pegatinenak... Antzuolako erakusketan baliteke kanpoko pegatinak ere egotea: Asturiasekoak, Andaluziakoa edo Kataluniakoak, adibidez.

Zenbat pegatinek osatuko dute erakusketa?
Ez dakit zehatz baina 250 eta 300 pegatina artean izango dira.

Tamaina eta formatu ezberdinetakoak, ezta?
Bai, batzuk orri osokoak, besteak orri erdikoak, txiki-txikiak... Eta denak plastifikatuta daude.

Bilduma handitzen jarraitzeko,  gogoz jasoko zenituzke herritarren pegatinak ere.
Bai, eramango balituzte esker onez jasoko nituzke. Bildumagileak harrapatuta bezala gaude, festarik festa moduan joaten gara pegatina bila; denak bildu eta bata besteari non ibili garen kontatzen aritzen gara.

Nondik datorkizu zaletasun hau?
Oso zaharra da. Nik ez nuen bildumagile izateko asmorik, lagun batek deitu zidan esanez egiten zituela. Hasieran ez zeudela burutik ondo uste nuen baina azkenean nik ere horretan amaitu nuen. Hasten bazara eta ez bazaizu gustatzen utzi eta kito, baina gustatzen bazaizu, jarraitu eta azkenean sarea egiten duzu.

Gainera, bildumagileok topaketak egiten dituzue, ezta?
Bai, urtean behin biltzen gara eta hil honen 23an izango da hurrengo topaketa, Laudion. Egun guztiko elkarretaratzea izaten da, bakoitzak bere pegatinak eramaten ditu elkartrukatzeko. Gainera, elkar ezagutzen dugu. Dagoeneko 12-13 urte daramatzagu batzen eta urtero probintzia baten egiten dugu. Aurten Gasteizen tokatzen zen eta azkenean Laudion izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak