Libre Eguna antolatzen ari dira azaroaren 23rako

Iure Eizagirre 2013ko aza. 10a, 10:00

Herriko tabernen eta gazte mugimenduen aurkako epaiketetan auziperatuei elkartasuna adierazi eta eragindako gastuei aurre egiteko antolatuko dute Libre Eguna Antzuolan.

Aste batzuk igaro dira Madrilgo Entzutegi Nazionalean 35/02 eta 26/11 sumarioen -Herriko tabernen eta gazte mugimenduaren auziak hurrenez hurren- aurkako epaiketak hasi zirenetik.

Euskal Herriko herri askotan elkartasun ekintzak egin dira ordutik eta Antzuolako Libre mugimenduak ere badu horretarako asmoa: "Kaleak laranjaz margotzen hasiak gara, elkartasunetik konpromisora salto egiten hasiak gara, pausoz pauso eta harresiz harresi gure etorkizuna Libre eta bakean erabaki nahi dugulako". Horregatik Libre Eguna antolatzen ari dira azaroaren 23rako.

Egitaraua ez dago guztiz itxita baina dagoeneko hainbat ekintza aurreikusi dituzte, kale animazioa, bertso bazkaria eta herriko taldeen kontzertuak, adibidez. Gainera, bertso bazkaritarako txartelak jada eskuragarri daude Gaztetxean.

Guztira, 70 pertsonatik gora ari dira epaitzen Madrilen eta makroepaiketen karga ekonomikoa arintzen laguntzea eta auzipetuei herritarren babesa eskaintzea da Libre Egunaren helburua. Eta horretarako laranjaz jantzi eta kalera irteteko deia egin diete antzuolarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak