Zergak eta tasak %1 igoko dira gehienez datorren urtean

Iure Eizagirre 2013ko aza. 6a, 10:49

Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo eta, besteak beste, datorren urterako ordenantza fiskalez eztabaidatu zuten. EAJk hainbat desadostasun agertu zituen ordenantzen harira eta ezezko botoa eman zuten alderdiko bi ordezkariek, baina udal gobernukoen aldeko botoekin onartu egin ziren ordenantzak.

Zenbait zerga eta tasa bere horretan mantenduko dira, ekonomi jardueren eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergak, adibidez. Beste hainbatek, berriz, %1eko igoera izango dute; hauen artean ondasun higiezinen, trakzio mekanikoko ibilgailuen eta hirilurren balioen gehikuntzaren gaineko zergak. Etxe hutsen gaineko errekargoa %100ean mantenduko da 2014ean.

Ur hornidura zerbitzua eta estolderia zerbitzua Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren esku utzita ditu Udalak eta hitzarmenak iraun bitartean Udalak ez du hauen inguruko erabakirik hartu beharrik. Horren harira, EAJk kexa agertu zuen atzoko osoko bilkuran, "ordenantza fiskalen proposamenean ez delako jasotzen zein aldaketa jasango duten tasa horiek". Beste herri batzuetan kopuruak dagoeneko ezagutzen dituztela gaineratu zuen Maria Eugenia Arrizabalagak.

Mozioak

Hiru mozio aurkeztu zituen udal gobernuak atzoko osoko bilkuran: Fagor Etxetresnak enpresako langileei eta kooperatibistei elkartasun adierazpena, epaiketa politikoen aurkako mozioa eta azaroaren 25aren harira, emakumeenganako indarkeria salatu eta honen aurka aritzeko Udalaren konpromisoa adierazten duena. Hiru mozioak onartu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak