Tomas Madinabeitiak Antzuolan utzitako itxaropen hazia ernaldu da

Imanol Gallego 2013ko urr. 19a, 12:22

"Horrenbeste maite zuen naturan gertatzen den moduan, Tomasek bere itxaropena gure bihotzetan landatu zuen" entzun zen Mendiolako Tomas Madinabeitia apaizari egindako omenaldian.

Antzuolan lau urte besterik eman ez zituen arren, aztarna sakona utzi zuen herrian. Gauzak honela, bera heriotzaren zen lehen urteurren honetan, Anelkarrek ez ezik, Antzuola osoak gogoratu nahi izan zuen Madinabeitia.
Ekitaldia Anelkar elkarteko kideek gidatu arren, oso anitza izan zen. Berarekin Kongon izan zen kazetari batek egindako bideoa eman zuten estreineko aldiz. Bertan, bere bizitza, familia eta proiektuak azaltzeaz gain, bere umore eta aldarte ona ere agerian geratu ziren.

Emanaldiaren ondoren, herriko txikiek, pintxo-pintxo abestu zuten Kongoko Kisanga hizkuntzan. Horren erantzuna izango balitz bezala, bideo bitartez Kansensyako Kapiri herriko ikasle batek euskaraz bere eskerrona azaldu zuen. Familiak ere bere tokitxoa izan zuen eta Belen Azkarate ilobak talde lana eta natura jorratzen zituen ipuin bat ere kontatu zuen. Aurreskuak, argazki batzuek eta txalo zaparrada batek borobildu zuten apaizari egindako omenaldia.

Bere proiektuek aurrera

"Mendiolan jaio arren, bere bihotza Afrikan zegoen" aipatu zuen bere anaiak. Madinabeitiak haurren eskolaratzea bideratzeko Kansensyan jarritako eskoletan lagundu zuen azken urteetan, Estatuak eskola horien ardura bere gain hartu bitartean. Antzuolako Anelkar taldearen babesa izan zuen zeregin horretan.


Bera hil ostean, Kongon bultzatu zituen proiektuak bertan behera geratu beharrean, hazi egin dira. Besteak beste, Antzuolako Bittor Arbuluk hartu du haren lekukoa, baina Madinabeitiari ere gertatzen zitzaion moduan, zeregin hauetan, beste pertsona asko batu zaizkio. Omenaldira gerturatu zen Getxotar batek esan moduan "bere arimak lan egitera bultzatzen gaitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak