6-22-ko emaitzarekin bukatu da partiduak, beraz lau t'erdiko txapelketatik kanpo geratu da Aitor Mendizabal antzuolarra. Partidu azkarra izan da; lehenengo tantotik hasi eta azkeneraino, ordu erdi besterik ez da pasatu. Ezkurdia sakean oso indartsu ibili da, eta ez du ahuleziarik erakutsi. Mendizabalek egin dituen puntu gehienak, airez egin ditu, lau hain zuzen; hala ere, ez du partidua inondik inora kontrolatu.
Hasieran gogotsu hasi arren, norgehiagokak aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu du Mendizabalek, eta Ezkurdiak ondo baino hobeto aprobetxatu du. Puntu azkar asko egin ditu eta antzuolarrak atsedenaldiak eskatu arren, deseroso kantxaratu da. Azkenean, emaitzak erakusten duen moduan, ezin izan du gauza handirik egin.
Mendizabal burumakur
Duela astebete Bergaran ikusitakoa ikusita, beste pilotari bat zirudien gaur antzuolarra. Partidua amaitu bezain laster, hasieratik deseroso zegoela esan du. Aukeraturiko pilotek ez diote lagundu eta gogoz hasi arren, bere burua gaindituta ikusi du. "Pena handiena, ez dudala itxurarik eman da" zihoen partidua amaitu bezain laster.