Herrixa pizten eta gaztetxea biziz betetzen, urteurrenean

Irati Goitia 2013ko urr. 6a, 21:26

Antzuolako gaztetxearen lehen urteurrena ospatzeko ekitaldiak izan dituzte asteburuan, besteak beste: afaria, kontzertuak eta jolasak. Gaztetxea herriari zabaltzeko helburuarkein era ezberdinetako ekintzak antolatzen dituzte.

Egubakoitzean afari ibiltaria egin zuten, benetan bitxia. Afarirako izena eman zutenen artean taldeak egin eta zozketa egin zuten bakoitzak afarirako zein plater prestatu behar zuen erabakitzeko. Ondoren, plater bakoitza herriko toki ezberdin baten jan zuten. "Esan daiteke, poteo estilora afaldu genuela", esan digu Jon Lizarazu gaztetxeko kideak. Gaineratu digu giro bikaina izan zutela eta jende dezente batu zela.

Ostean, Dhuna taldearen kontzertua izan zuten gaztetxean. Kantaldi akustikoa izan zen; giro goxokoa. Kandelak eta guzti piztu zituzten.

Zapatuan, berriz, umeendako jolasak izan ziren: puzgarria, soka-saltoa, trizikloaz zirkuitua... Han batu zirenen artean txorixoa ere banatu zuten eta herriko trikitilari gazteek jarri zuten musika. Bazkaria ere egin zuten. 60 lagun inguru batu ziren.

Bazkal ostean, Bilbora joateko autobusa zuten, baina itzulitakoan ospakizunekin jarraitu zuten. Lunch-a egin zuten lehenik eta batukada ehunzango taldearekin ondoren. "Gustura ibili zen jendea", esan digu Lizarazuk.
Gauean dantzan jarri zituzten gaztetxean batutakoak Salda Badago taldeko kideek. Erromeria giro bikaina jarri zuten. Ostean DJ Elvis Caino izan zen gaua girotzen.

'Urtebete herrixa pizten'

Adin ezberdinetako jendea batzen duten egitarauak antolatzen saiatzen dira gaztetxetik. Hala, antzezlanak, ikastaroak, bertso saioak edo kontzertuak izan dituzte urtean zehar. Hain zuzen, urteurrenerako aukeratu duten leloa Urtebete herrixa pizten! da. Lizarazuk esan digu helburu horrekin jarraitu nahi dutela lanean, eta aldi berean, gaztetxea biziz bete nahi dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak