Sei talde
Antzuolako Oinarin dantza taldeko txikienekin batera, beste bost dantzari-talde izango dira herrian: Arrasateko Txikitxu eta Lore Gazteak, Legazpiko Korosti, Oñatiko Oñatz eta Soraluzeko Urrats. Guztira, herrikoak eta kanpokoak zenbatuta, 210 bat dantzari izango dira herriko kaleetan dantzan. Horiekin batera, 50 bat arduradun ere etorriko dira, Antzuola egun batez euskal dantzen hiriburu bihurtuz.
Urriaren 13an, goizeko 10:00etan hasiko da jaia herriko txistularien kalejirarekin. 10:30ean iritsiko dira dantzariak herrira eta, harrera egin ostean, 11:15ean hasiko dute kalejira herrian zehar. Goizeko dantza-saioa 12:45ean egingo dute plazan. 13:30ean etxeetara bazkaltzera joateko banatuko dira haurrak eta, bazkalostean, 17:30ean egingo da arratsaldeko dantza-saioa plazan.
Denetariko dantzak egingo dituzte: esku-dantza, arku-dantza, makil-dantza, banakoa, brokel-dantza, txankarrankoa...