Urrian hasiko dituzte Sanjosepe kaleko horma egonkortzeko obrak

Iure Eizagirre 2013ko ira. 26a, 18:35

Aste gutxi falta dira Sanjosepe kaleko horma egonkortzeko behin betiko obrak hasteko. Udalak hiru enpresari eskatu zion aurrekontua eta azken Tokiko Gobernu Batzordeak Miramar Gunitados enpresari esleitu dizkio obrak.

Iaz egin zuten lanen lehen fasea Sanjosepe kaleko horma horretan. Valen Moñux Udaleko aparejadoreak azaldu duenez, "aurrekoa larrialdiko lan bat izan zen eta geologoek hormaren urtebeteko egonkortasuna bakarrik bermatzen ziguten. Aurrera begira beharrezkoa zen beste obra bat egitea eta orain egingo dugu behin betiko lana".

Miramar Gunitados enpresak egingo du obra eta horretarako 34.014,40 euroko aurrekontua izango du. Buloiei esker, kanpoko haitza barrukoei lotuko diete.

Lanak esleitu berriak direnez, izapideak egiten ari dira oraindik baina obrak urrian hasi eta hiruzpalau aste iraungo dutela aurreikusten dute. Obrak egin bitartean Sanjosepe kaleko errepideko bide bakarra egongo da itxita. "Agian egunen batean biak moztu eta beste alternatiba batzuk aztertu beharko ditugu herrira sartzeko", dio Moñuxek. Izan ere, Lizarragara doan errepidea herrirako sarbide moduan erabiltzen dute autoek zein kamioiek.

Harria jausita

Iazko abenduan sortu zen arazoa Sanjosepe kalean, hileko lehen egunean harri handi bat errepidera erori eta beste batzuk mendiaren aldapan geratu zirenean. Lehen segurtasun neurri modura, bidea moztu eta trafikoa desbideratu zuten.

Geologoak ondorioztatu zuen beste harri bloke batzuk jausteko arriskua zegoela, eta horma egonkortzeko obraren lehen fasea jarri zuten martxan. Miramar Gunitadosek pareta indartzeko hormigoia sartu zuen. Lan haiek 8.917 euroko aurrekontua izan zuten.

Ipurtikara bidea

Bestalde, inguruan egiten ari diren autobideko obrak direla eta, Ipurtikara doan mendi bidea itxita egongo da azarora arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak