Lehen urteurreneko ospakizunak antolatzen dabil Gaztetxea

Iure Eizagirre 2013ko ira. 26a, 15:19

Gaztetxeak laster beteko du bere lehen urteurrena eta azken asteotan buru-belarri dabiltza data hori ospatzeko ekitaldiak antolatzen. Urriaren 5a izango da egun handia, baina astean zehar ere izango da zertaz gozatu.

Eguaztenean gazteek eta jubilatuek bat egingo dute lehengo Antzuola gogoratzeko afari-meriendan. Hurrengo egunean pintxo potea egongo da gaztetxean eta gauean ipuin kontaketa musikatua.

Afari parte-hartzaile ibiltaria

Egubakoitzean afari parte-hartzaile ibiltaria egingo dute. Taldeka edo koadrilaka apuntatu daiteke jendea eta bakoitzak afaritarako plater bat (sarrerak, 1.goa edo 2.goa, postrea edo kopa) prestatu beharko du gune zehatz baterako. Talde bakoitzak 8 euro ordaindu beharko ditu eta afaldu ahal izateko derrigorrezkoa da afariaren prestaketan laguntzea. Gaztetxeak diru kopuru jakin bat emango dio talde bakoitzari platera prestatzeko.

Afari parte-hartzailean izena emateko epea urriaren 1ean, martitzena, amaituko da. Guneen eta afarian prestatu beharreko zatien zozketa, berriz, bi egun beranduago egingo da.

Urriak 5, egun guztiko ospakizuna

Umeendako jolasekin hasiko dute Gaztetxearen UrteAurrenako ospakizuna. Eguerdian, herritar denendako txorizoa eta sagardoa izango dira eta jarraian herri bazkaria egingo dute. Txartelak dagoeneko salgai daude gaztetxean 12 euroren truke. 

Arratsaldeko poteo alaiaren ondoren, luntxa izango da gaztetxean. Gauean erromeriak eta DJak piztuko dute gaztetxeko giroa, eta jaiak goiz bukatzeko itxurarik ez duenez, txorixo bokadiloak egongo dira goizaldean.

Hemen egitaraua:

Urriak 2, eguaztena

  • 18:00 Jubilatuekin lehengo Antzuola gogoratzeko afari-merienda

Urriak 3, eguena

  • 19:00 Pintxo potea gaztetxean
  • 21:30 Ipuin kontaketa musikatua

Urriak 4, egubakoitza

  • 20:30 Afari parte-hartzaile ibiltaria
  • 22:30 Dhuna taldearen kontzertua

Urriak 5, zapatua

  • 11:00 Umeendako jolasak eskolako patioan
  • 12:00 Herri guztiarendako salda eta txorizoa frontoi txikian
  • 14:30 Bazkaria
  • 19:00 Ehunzango batukadarekin poteoa
  • Ondoren, luntxa gaztetxean
  • 22:00 Salda Badago erromeria eta DJ Elvis Caino
  • Goizaldean txorizo bokadiloak egongo dira

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak