Gipuzkoako Foru Aldundiak Aballa enpresa Antzuola-Bergara errepidearen eraikuntza lanetatik baztertu du, “kautela-neurri gisa”

Goiatz Arana Begiristain 2013ko irailaren 24a

Joan den astean Deskargako lanetan gertatutako Lasarteko 33 urteko gaztearen heriotza "kezkaz" eta "saminez" hartu zutela adierazi dute Aldunditik, eta hasieratik erakutsi dutela "arduraz" eta "zorrotz" jokatzeko asmoa. Horregatik, lehen datuak jaso ostean, eta "kautelazko neurri gisa", langilearen enpresa, hau da, Aballa enpresa (Lapatza Aldi Baterako Enpresa-Elkarteak azpikontratatutakoa) Antzuola-Bergara errepidearen eraikuntza lanetatik baztertu dute; jada ez dago enpresa hori obra horretan lanean.

"Kautela-neurria izan da, ikerketa aurrera joan bitartean ezartzekoa. Oraindik Osalan, Lan Ikuskaritza eta Ertzaintza lanean ari dira gertatutakoa ikertzen eta ez dute ondoriorik plazaratu. Beraz, ondorio horiek izandakoan jakingo da zer gertatu den benetan. Hala ere, Foru Aldundiak ikusi du badaudela enpresa horrek zenbait irregulartasun egin dituela dioten zantzuak, eta gauzak baieztatzen joan bitartean, enpresa lan horietatik baztertzea erabaki du", adierazi dute.

Sindikatuak ere lanen jarraipen batzordean

Bestetik, joan den astean sindikatuekin egindako lehen bileraren ostean, Antzuola-Bergara lanen jarraipenerako batzordearen bilera egingo du eguenean Foru Aldundiak, sindikatuekin batera. "Sindikatuekin elkarlanean ari gara eta bide horretan jarraituko dugu. Lan-hitzarmena errespetatua izan dadin zorrotz lan egingo dugu, eta albisteak ditugun heinean jakinaraziko dizkizuegu", esan du Larraitz Ugarte bozeramaileak.

Kazetarien galderei erantzunez, Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek azaldu du erabat faltsua dela Aldundiak bazekiela obra horretan irregulartasunak zeudenik: "Gipuzkoako Foru Aldundi honek hasieratik erakutsi du lan baldintzak betetzearen aldeko konpromiso sendoa: konpromisoa, pleguetan klausula hori sartuta; konpromisoa, Foru Araua eginda; eta konpromisoa, Aldundiak esku hartuz eta isunak jartzeko aukera hartuz. Sindikatuei obretako ateak ireki genizkien, eta oso argi dugu ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresek isuna jasoko dutela. Orain, Abailla kaleratu dugu lanetatik, kautela-neurri gisa, eta hori egin dugu hitzartutakoa ez zuela betetzen susmoa dugulako; lehenago jakin izan bagenu, lehenago hartuko genuke erabakia, dudarik gabe. Eta bide horretan lanean jarraituko dugu. Oso gai serioa da eta dagokion seriotasunarekin egingo dugu lan".

Ugartek adierazi du erakunde guztiak ibili direla "berandu" auzi honetan eta inork ez zuela horrelakorik gerta zitekeen susmorik.

Azkenik, Ugartek erabat ukatu du lanak 63 milioitan lehiaketara atera eta 40 milioitan esleitzeak lan baldintzetan eragina duenik: "Guk plegu bidez bermatzen dugu jaitsiera hori ezin dela lan baldintzen kontura egin. Bestetik, denok dakigu AP-1eko lanek zein gain-kostu izan zuten eta bertan bederatzi langile hil ziren, eta AHTan ere badakigu zein gain-kostu izaten ari diren eta baita prezio jaitsiera ere mugatua dagoela, baina horrek ez ditu lan baldintzak hobetzen. Beraz, ekuazio hori ez da zuzena", adierazi du Ugartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak