Auzolanean dabiltza konpontzen Lizarragara doan errepidea

Iure Eizagirre 2013ko ira. 17a, 14:48

Udalak emandako aurrekontu-saila ondo baino hobeto ari dira aprobetxatzen Lizarraga auzoko bizilagunak, izan ere, errepidea nahiko hondatuta zegoen eta hori konpontzen ari dira auzolanean.

"Beharrik handiena non zegoen aztertu genuen eta hasteko, bidea berritzea erabaki dugu", azaldu du Joxe Mari Urkiola auzolaneko arduradunetako batek.

Duela hiru aste hasi ziren lanean lizarragarrak. Baserri edo etxe bakoitzeko ordezkari bana batu dira azken zapatuetan, guztira 25 pertsona inguruko taldea osatuz.

Ura errepidean pilatuta geratzen zen orain arte eta hori konpontzeko bide ondoko arekak txukundu dituzte, urak bere bidea egin dezan. Horrez gain, errepidea hain estua izanda ezinezkoa zen bi auto batera pasatzea eta batek beti atzera egin beharra zuen. Beste autoa pasa bitartean zain egoteko bost puntu egokitu dituzte inguruak horretarako aukera ematen zuen lekuetan.

Lanak oso aurreratuta dituzten arren, oraindik badute zereginik lizarragarrek: errepideak zulo asko ditu eta horiek estaltzeko asmotan dabiltza.

Udala gustura lanekin

Auzolanean ari dira egiten Lizarragako lanak baina Udalak ere egin du bere ekarpena: 7.000 euro materialak erosteko.

Udaletik adierazi dutenez, gustura daude auzotarren ekimenarekin, bai oraingoarekin baita beste momentu batzuetan auzolanean egin izan dituzten lanekin ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak