Virginia Imaz: "Nork eta zertarako erabili, umoreak ideologia ere badu"

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 12a, 02:00

Antzuolan bizi den donostiarrak sudur gorria du arma; umorea eta kontzientzia batzeko tresna. Pailazoa da, bai, baita ipuin kontalaria, irakaslea, Oihulari Klownen sortzailea... ere.

1. Tragediarako zenuen joerak eroan omen zintuen umorera...

Bai. Clown ikastaro bat egin nuen, eta aldi berean antzerkia eta osasunari buruzko beste ikastaro bat ere bai, hobeto egoteko zer nolako antzerkia egin behar nuen jakiteko. Umoretik jo nuen, eta umoreak nire bizitza aldatu du.

2. Eta lehen aldiz sudur gorrian jartzean, zer sentitu zenuen?

Desastre hutsa nintzela. Beti eraginkorra, serioa eta arduratsua izanda, zaila egin zitzaidan jendearen aurrean txorakeriak egitea. 

3. Nola egin zuten topo Virginia Imazek eta Pauxak?

Nire lehen aldia jendaurrean clown bezala irakaskuntzako lankide batekin izan zen: bera Pinpilin zen, ni Pauxa. Gero izena aldatu arren, berriz ere Pauxa izatera itzuli nintzen: gustatzen zait eta jendearentzat gainera, eguneroko bizitzan barre egiteko tartea esan gura du.

4. Zer da Pauxatik gehien gustatzen zaizuna?

Virginia baino ausartagoa dela! Ni lotsatia naiz: norbait gustatzen bazait, esaterako, kosta egiten zait zerbait esatea. Pauxak ez du horretarako inolako arazorik!

5. 'Pailazoa naiz' esatean, zein aurpegi dute aurrean dituzunek? 

Orain dela urte batzuk arte, zirkunstantzia aurpegiak. Baina azken urteetan, zenbait arlotan nahiko ezaguna naiz eta pailazoen irudia ere hobetu egin da. 

6. Umorea erabilita mezuak errazago zabaltzen dira?

Zalantza barik. Umorea atzeko atetik sartzen da: konturatu zarenerako barre egin duzu eta heldu zaizu kontzientziara. Kontuz ere ibili behar da, nork eta zertarako erabili, ideologia ere badu-eta. 

7. Eta zuri zerk ez dizu batere graziarik egiten?

Heriotzak, esaterako. Orokorrean prest nago heriotzaz barre egiteko, baina... Unean unekoa sentitu behar dugu; ez dugu beti barrezka ibili behar.

8. Zer irakatsi zizun Cirque du Soleilen aritzeak?

Sekulakoa zen formazioa jaso eta horregatik kobratzea. Horrelako ikuskizun bat muntatzen ikustea itzela izan zen; eta hainbeste jende artean, tolerantea izaten ikasi nuen. Eta semea han izan nuen!

9. Eta zein da ipuinetatik lortu duzun irakasgai baliagarriena?

Entzulearen bihotzera heltzeko, pertsonaia guztiak maitatu behar dituzu, baita otso gaiztoa ere: ez dituzu epaitu behar. Horrek irakatsi dit ez epaitzen; ez neure burua, ezta besteak ere. 

10. Donostiarra, urtetan Debagoienean bizitzen: ipuinaren amaiera zoriontsua ala basoan galduta dagoen umearen ipuina?

Donostia maite dudan arren beti jo dut herri txikietara, eta Antzuola luxu bat da, baina espero dut amaiera ez izatea!

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Plano sozialean, heziketaren erreforma proiektua, Wert legea, bertan behera utziko nuke. Honetaz gain, denontzat eskatuko nuke lana eta etxebizitza; baina hori ez da posible politiko zintzo barik, eta hori ere eskatuko nuke: ez dezatela lapurtu behintzat! Plano pertsonalean,  gaixo dagoen nire aitari osasuna bueltatuko nioke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak