Bihar goizean erreka garbitu egingo dute auzolanean

Guren Zumalde 2013ko uzt. 26a, 08:00

Antzuolako Gaztetxeak herriko erreka garbitzeko auzolana antolatu du bihar goizerako, uztailaren 27rako. Jaietan pilatu diren hondakinak jaso nahi dituzte horrela. Ostean, bazkaria egongo da parte hartzen dutenentzako.

Hiru urte dira ekimen horrekin hasi zirela, herriko jaiek eragindako zikinkeria jaso eta errekari bere benetako itxura bueltatze aldera. Aurtengo garbiketa bihar egingo dute; lan hori egiteko prest dauden herritar guztiei goizeko 10etan Herriko Plazan agertzeko esan diete Gaztetxeko kideek. Antolatzaileen asmoa da azaldutako denak batera lanean hasi beharrean, enparantzan elkartutako jendearekin talde ezberdinak osatzea. Gero, jende-multzo bakoitzak ibaiaren tarte bat garbitu dezan. Horrela, jende nahikoa azaltzen bada, herri-inguruko erreka osorik garbitu nahi dute. Gaztetxetik adin guztietako antzuolarrei luzatzen diete gonbidapena biharko ekintzara animatzeko. Uste baitute guztien ardura dela herri-inguruak behar bezala mantentzea. Gainera, auzolanaren garrantzia azpimarratu dute "nahi dugun" herri-eredua eraikitzeko. Adierazi dute Gaztetxeak berak jarriko dituela biharko garbiketarako behar diren lanabes guztiak: aitzurrak, palak... Baina norbera arduratu beharko da uretan ibiltzeko moduko oinetakoak eramateaz.
Bazkaria egongo da
Behin erreka garbituta, bazkaria egingo dute guztiek; ez da ezer ordaindu beharko. Baina antolatzaileek gogorarazi dute jaten geratzeko asmoa dutenek aurrez esatea komeni dela, janari kopuruak-eta ondo jakiteko. Apuntatzeko www.AntzuolakoGaztetxia.info webgunera jo eta Harremanak atalean mezua utzi behar da. Gaztetxean bertan ere eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak