Jendeak ekintzetan parte hartu duela esan du jai-batzordeak. Batez ere otorduek izan duten erantzuna azpimarratu du; urtetik urtera goraka doa horrelakoetan jende-kopurua. Domekako paella-janean, esaterako, 130 bat lagun elkartu zirela esan dute batzordetik. Gainontzeko ekintzetan lana egin duten pertsona eta talde guztiei eskerrak eman dizkiete, bereziki Mairuaren Alardea elkarteari. Maddi Elortza kultura-zinegotziak aitortu du festetako zapiekin arazoak izan direla, gaizki eginda ekarri zituztelako. Horrek herritarren kexak eragin ditu. Hontzaren jaitsieran ere koordinazio-arazoak izan ziren argiekin. Hurrengoetarako, kontuan izango dituztela esan du Elortzak. Batzordea kezkatuta azaldu da jaietan herrian izan diren apurketekin.
Txosnak Gaztetxeko kideek jarri dituzte aurten ere. Batez ere herriari eta festei bizitasuna emateko asmoarekin. Eta eurentzat, gazte askoren lanarekin, egunotan lortu dute jaien "sektore aktibo bat izatea". Horregatik, adierazi dute euren helburu nagusia bete dutela. Gainera, txosna-gunea gazte eta helduen elkargune bezala ikusi dute txosnetako kideek; aurrera begira horrela jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Nabarmentzekoa da aurtengo jaiei gazteek sarean egin dieten jarraipena; horren ondorioz, argazkiak eta egun bakoitzeko kronika jarri dituzte antzuolakogaztetxia.info orrian.
Herriraren txosna
Herrirako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete txosna jartzeko lokala utzi dietenei eta txandetan lana egin duten antzuolarrei. Baita egun horietan hara hurbildu diren guztiei ere. Harrera elkartearen aldeko marisko-jana 024209 zenbakidun txartelarentzat izan zen.