Herria dotoretzen duten kolore anitzeko balkoien erakusketa

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 23a, 11:01

Mota askotako lorak daude: gorriak dira batzuk, txuriak zein moreak besteak; petalo txikiak dituzte batzuek, handixeagoak besteek... Eta gehienek, guztiek ez esatearren, edertasuna transmititzen dute.

Antzuolan ezaugarri hori baliatuta, lehiaketa bidez eta 1996 ezkero erabakitzen dute herriko balkoirik ederrena zein den. Azken urteetan herrian eta herritarrengan uztartzen joan den ohitura da, gainera.

Batzuk lehiaketaren jakitun eta besteak barnean daramatelako, baina antzuolar asko dira euren leiho zein balkoiak dotore-dotore ipintzen dituztenak. Eta urte bakoitzean bizilagun batek eduki du herriko balkoi txukunena izatearen ohorea. Aurtengo Lore Eder lehiaketaren irabazlea egubakoitzean, uztailaren 19an, eman zuten jakitera: Blanca Legorbururen balkoiak jaso zituen boto gehien.

Herritarrak epaile

Lehiaketa egiten hasi zirela urte dezente dira eta aurten berritasunak eduki ditu ekimenak. Izan ere, ohiko epaimahaiak barik, herritarrak izan dira saria nori eman erabaki dutenak.

Horretarako, batzorde batek herritik buelta bat eman eta antzuolar guztien artetik sei balkoi hautatu zituen. Horiek izan dira lehiaketako finalistak, eta herritarrei ezagutzera emateko, hautatutako balkoien argazkiak panel batetan ipini zituzten ikusgai hainbat egunez. 

(Blanca Legorburu iloba Markelekin)

Egubakoitzean, jaien egitarauaren baitan botoa eman zuten bertaratutako herritarrek eta jende ugari animatu zen bere balkoi gogokoena bozkatzera. Hori horrela, 161 boto jaso zituzten antolatzaileek eta horietatik 62 izan ziren Blanca Legorburu eta Nicolas Zabalo senar-emazteen balkoiarentzat.

Legorburuk pozik hartu zuen izendapena, eta herritar guztiak animatu gura izan ditu balkoi eta leihoak txukun eta dotore ipintzera, "herria askoz ederragoa baitago".

"Ez nuen espero eta ezusteko polita izan da"

Blanca Legorbururen balkoia izan da 2013ko Lore Eder lehiaketako irabazlea. "Finalisten artean nengoela banekien baina ez nuen espero irabazterik; eta ezusteko polita izan da". Gustura apaintzen du bere etxeko balkoia. "Txikia da, eta ez ditut lora larregi ere. Kolore ezberdinetako surfiniak ipini ditut, bizitasun handia ematen diotelako balkoiari".

Goizero eta iluntzero ureztatzen ditu landareak, "bestelako zaintza berezirik ez dute behar". Eta ez berak bakarrik, Legorburuk aitortzen du etxekoen laguntza handia jasotzen duela. "Landareek ere elikatu behar dute bizitzeko eta asko laguntzen didate, nik ezin dudanean ureztatuz, esate baterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak