Umore onarekin agurtu dituzte jaiak Antzuolan

Imanol Gallego 2013ko uzt. 22a, 10:45

Bart gauerdian, hontza kanpandorrera igo denean, esan diete agur antzuolarrek euren festei. Une hori iritsi arte, baina, umoretsu eta kalean ospatu dituzte jaietako une nagusienak. 

Aste bukaera osoan geldi egoteko aukera gabe ibili ostean, atzo –domeka– agurtu zituzten Antzuolan herriko jaiak. Lau egunez umore ezinhobea erakutsi ostean, nabari zen atzo nekatuago zeudela. Kontrara, Bihurri eta bere konpainia neke gabe etorri ziren arratsaldean Antzuolara.

Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, Bihurriren mutilek, bera barne, ikuskizun polita egin zuten plazan. Aizkora, harri eta herri kiroletako elemetu tradizional guztiekin erakustaldi ederra eman zuten eta jendeak txalo ugarirekin animatu zituen une oro.

Eurek bukatu bezain laster, plaza txukundu eta Larrain dantzaren unea iritsi zen. Herriko bikoteek dantzarekin alaitu zuten plaza gero eta, galdutako energiak berreskuratzeko, Antzuolako Kirol Elkartekoek pintxoak banatu zituzten. Txorizo usainak erakarrita-edo, baina plaza jendez bete zen.

Bart gauerdian, hontza kanpandorrera bueltatu bezain laster, amaitu ziren jaiak.

Asteburu oparoa

Etxeko txikienak izan ziren jaiei ongi etorria eman zieten lehenak: aurrez udalekuetan entseatutako dantzekin girotu zuten eguen goiza. Dena den, aste bukaeran antzuolarrek argi utzi dute jaietan kalera irteteko bultzada gutxi behar dituztela.

Dudarik gabe, eguraldia lagun, kalea izan dan aurtengo Antzuolako jaietako protagonista. Goizean goizetik plaza inguruak jendez bete dira egunero, eta patata tortilla lehiaketa izan, zein haurrentzako jolas parkea izan, antzuolarrei kosta egin zaie etxera erretiratzea. Antzuolar baten hitzetan, "jai hauen funtsa kale giroa izan ohi da beti". 

Tradizioari uko egin gabe, egitarauko ekitaldi nagusienek, urtero bezala, jende gehiago batu dute. Lehen eguneko herri afariaren ostean hontzaren jaitsiera eraberrituak oso erantzun ona izan zuen. Aurten su artifizialen ordez, jendearen kantuek eman zioten ongi etorria jaietako animalia honi. Bere esker ona azaltzeko, gainera, hontza udaletxeko balkoitik jaitsi eta gainontzeko antzuolarren artean galdu zen.

Mairuarren Alardearen txanda iritsi zen zapatu arratsaldean eta, lainoek ikuskizuna zapuzteko mehatxu egin arren, ohiturari eutsiz, Antzuolako batailoiak ireki zuen aurtengo desfilea, atzean mairua zuela. Ordu eta erdiz Antzuolako batailoiak Abd-Al Rhaman III.a makurrarazi zuen eguna irudikatu zuten.

Lau egun oparoren ostean, nekea agerikoa zen atzo antzuolarren artean eta baita tristura apur bat ere, baina beste antzuolar batek esan zuen moduan, "festak alai pasatzeko dira eta aste egunak... ba ahal dugun moduan igaroko ditugu!" Datorren urtean, gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak