Arrola Mendi Elkartekoak Pirinioetatik buelta eginda murgildu dira herriko jaietan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 19a, 16:18

Arrola Mendi Elkarteak urtero antolatu ohi du herriko jaien aurreko astean Pirinioetara mendi irteera eta aurten ere bertan izan dira, iragan asteburuan. Iaz, Infierno mendian eta inguruan ibili ziren. Aurten, berriz, lehenengo egunean, Fanlo herritik abiatu eta Gorizko aterpetxera joan ziren; eta bigarren egunean, aterpetxetik irten eta  Casteretsgo Gruta Helada, Errolanen Arraila eta Taillon (3144m) igaro ostean Gavarnie herrira jaitsi ziren.

Hasiera batean, hamazortzi pertsona ziren joatekoak baina, azken orduan batutakoekin, 21 pertsona joan ziren. 06:30ean irten ziren Antzuolatik eta  12.00etan ekin zioten lehen maldak igotzeari. Eguraldia lagun, erritmo dotorean egin zituzten lehen hiru orduak, Ordesako begiratoki ederrera  iritsi ziren arte. Bertan baina,  eguraldia aldatu, eta txingor artean egin behar izan zuten Gorizko aterpetxeraino  gelditzen zitzaien ibilbidea.

Bigarren egunean, berriz, 08:00etan abiatu ziren 21 kideak, eguraldi ederrarekin eta giro alaian, ostera ere. Lehen geralekua Casteretsgo Gruta Helada izan zuten; kranpoien erabilera beharrezkoa izan zuten bertan, kobazuloan sartu eta izotz bloke dotoreak ikusteko. Kobazulotik irten eta maldan gora jarraituz, Errolanen Arrailera iritsi ziren, eta handik, batzuk beheranzko bidea hartu zuten; besteek aldiz, motxilak bertan utzi, eta Taillon mendia igotzeko parada izan zuten. Pirinioek eskaintzen dituzten bista zoragarriak ikusi ostean, beheranzko bidea hartu zuten, eta Sarradetseko aterpetxean bazkaldu zuten. 

Bazkal ostean, aurreko eguneko bustia ahaztu gabe, hodeiak ikusi eta ziztu bizian egin zuten Puerto Bujaruelorako (Gavarnie) bidea. Autobusak bertan hartu zituen eta, bidaia amaigabe baten ostean, 23.00ak inguruan iritsi ziren Antzuolara.

Elkarteko kideek, bidaiaren balorazio positiboa egin dute, eta datorren urterako ibilbidea pentsatzen hasi dira jada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak