Arratsaldean, dantza ekitaldia hasi aurretik, jendez bete zen plaza. Erraz nabari zen Antzuolan festei hasiera emateko irrikaz zeudela. Herriko dantzari txikiak izan ziren lehenak eta plazak txalo ugarirekin hartu zituen. Ikurrin dantza egin zuten eta, aldi berean, Inma Beristain alkateak udaletxeko ikurrina ere igo zuen.
Txikien dantzaren ostean, alkate eta zinegotziek hartu zuten lekukoa, eta Oinarin dantza taldeko kide batzuen laguntzarekin aurreskua dantzatu zuten.
Dantza ekitaldia amaitu bezain pronto, jendeak herriko kale eta tabernak bete zituen. Antzuolar batek esan zigun moduan, "gaueko festa ganoraz egiteko, aurretik tabernetan beroketa ariketak egin behar dira".
Gauekoak
Eta hala, beroketa ariketak egin eta gero, jendez bete zen Herriko plaza, afaritarako. Koadrila bakoitzak nork bere aldetik eraman zuen jatekoa eta, behin tripa beteta, kantuan jardun zuten elkarrekin, Bentazaharreko Mutiko Alak taldeak gidatuta.
Gauerdian, hontzari ongi-etorria emateko unea iritsita, aulki eta mahaiak plaza erditik erretiratu eta harrera egin zioten; aurten, kantuan eta bertsotan, eta su artifizialik gabe. Behin plazara jaitsita, kalean gora eta behera ibili zen hontza, herritarrekin nahastuta. Dantzaldiarekin agurtu zuten lehen eguna.
Domekara bitartean, algararako aitzakia ugari egongo da Antzuolan.