Antzuolako jaietako argazkien lehiaketa

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 17a, 14:33

Bihartik –eguena– domekara ospatuko dira aurten Antzuolako jaiak eta Udaletik dei egin diete herritarrei egun horietan festa giroan argazkiak atera eta aurkeztera animatu daitezen, jaietako argazkien lehiaketa antolatu dute-eta. Batutako lanak erakusgai ipiniko dira, irailean, Olaranen.

Antzuolan jaio edo bizi den edozeinek parte hartu dezake lehiaketan, eta ondorengoak dira oinarriak: 

  • Gaia: Antzuolako jaiak 2013. Uztailaren 18tik 21era ospatuko diren Antzuolako jaietan ateratako edozein argazki aurkeztu daiteke.
  • Lanak: Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, koloretan edo zuri-beltzean.
  • Neurriak eta aurkezpena: Argazkien euskarria 30 x 40 zentimetrokoa izango da ezinbestez, eta kartoi mehe finez eginikoa; kartoi mehe krema edo beix kolorekoa izango da. Euskarri horren barruko argazkiaren neurria, gehienez, 25 x 35 zentimetrokoa izango da.
  • Argazkiak egileari buruzko datu barik aurkeztuko dira, baina argazki bakoitzari atzeko aldean izenburua ipiniko zaio. Argazkiarekin batera, kartazal itxia aurkeztuko da: kartazalaren gainean lanaren izenburua eta zein kategoriatan parte hartzen duen jarriko da; kartazal barruan, berriz, parte-hartzailearen datuak eta argazkiaren izenburua sartuko dira.
  • Aurkezteko epea: Lanak udaletxean aurkeztuko dira. Epea irailaren 11n bukatuko da.
  • Epaimahaia: Argazki munduko pertsona adituek eta Kultura batzordeak osatuko dute epaimahaia.
  • Saria: Argazki irabazlearen egileak 150 euro jasoko ditu.
  • Erakusketa: Aurkezten diren argazki guztiekin erakusketa egingo da irailaren 21ean eta 22an, Olaranen. Bertaratzen direnek argazki onenari botoa emateko aukera izango dute. Boto gehien jasotzen duten argazkiek hurrengo urteko jaietako programan azaltzeko aukera izango dute.
  • Lanen eskubideak: Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Antzuolako Udalaren jabetzan geldituko dira. Argazki irabazleaz gain, aurkeztutako beste argazkiak ere 2014ko programan erabili ahal izango dira, Udalak hala erabakiz gero. Udalak aurkeztutakoei formatu digitala eskatzeko aukera izango du.
  • Lanak itzultzea: Erakusketa bukatu eta gero, egileak udaletxean jaso ahal izango ditu argazkiak hilabetez. Epe hori bukatu eta gero Udalak erabakiko du argazkiokin zer egin.
  • Oharra: Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du oinarri-arau hauek eta epaimahaikoen erabakia onartu direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak