Egubakoitzean aurkeztu zituzten neska-mutikoz eta gurasoz betetako plazan Alardeko protagonista nagusiak, Mairua eta Buruzagia, irudikatzen dituzten buruhandi berriak. Iñaki Mata herriko artistak egin ditu eta nola geratu diren erakutsi aurretik egiteko modua azaldu zien plazara joandakoei. "Ez nuen espero halako harrera. Aukera paregabea izan da; normalean lana egiten duzu ezkutuan, eta jendearengana hurbiltzea beti da ona", zioen.
Mairuaren Alardearen Kultura Elkarteko lehendakari Xabier Legorburu oso pozik agertu zen emaitzarekin eta iragarri zuen buruhandiok ez dituztela umeak joko, zentzu positiboa izan dezaten nahi dutelako, Alardeak berak bezala: "Kulturen arteko laguntasuna" adierazi nahi dute.