Elayk Euskara Planaren amaiera ospatuko du

Iure Eizagirre 2013ko uzt. 8a, 12:30

Urte berezia ari da izaten 2013a Elay enpresan euskara lantzen dutenendako. Urteetako lanagatik zorionak jasotzen ari dira hainbat sariren bitartez eta enpresan lana euskaraz egiteko helburua bete duten honetan, 1992an martxan jarri zuten Euskara Plana amaitutzat eman dute.

Hori ospatzeko ekitaldi xume bat egingo dute uztailaren 18an Torresoroan. Ekitaldia itxia izango da, langileei zuzendua, eta euskalgintzako eta euskararekin lotutako zenbait instituziotako bozeramaileek hartuko dute parte, hitz labur batzuk eskainiz.

Elay Taldeko zuzendari orokorrak, Santi Agirregoikoa, eta euskara koordinatzaileak, Anaje Narbaiza, egingo dituzte lehen berbak eta sarrera.

Haien ostean, Elhuyar Fundazioko ordezkariek hartuko dute hitza eta ondoren Kontseiluko Roberto Gutierrezen txanda izango da. Amaitzeko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Patxi Baztarrika zuzenduko zaie ekitaldian parte hartzen dutenei.

Aurreikuspenaren arabera, 13:30 aldera amaituko da ekitaldia eta ordu horretan argazki kolektiboa aterako dute.

Normalizazio fasea

Anaje Narbaiza izan da Elayn euskararen alde egindako lanagatik saria jasotzen azkena, joan den astean Bai Euskarari Laguna Saria jaso baitzuen.

Saria jaso berritan gogoratu zuenez, 1987. urtean ekin zioten euskalduntze prozesuari langile batzordea eta sindikatu guztien babesarekin. Proposamena zuzendaritzan aurkeztu eta urte eta erdi beranduago froga pilotu gisa onartu zuen euren proiektua Eusko Jaurlaritzak. Elhuyarrek egin zuen bideragarritasun plana eta 92an heldu zen lehen ekintza plana. Lau urte beranduago enpresak bere gain hartu zuen planaren ezarpena eta Euskara Batzordea sortu zen. Joan den hilean, euskara normalizazio fasean sartuta, desagertu zen batzordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak